Itxi

Musika

Elkarrizketa

SA: 'Ez dugu esperimenturik egiten, badakigu zer nahi dugun'

Natxo Velez | eitb.eus

Gasteiztar taldeak gustatzen ez zaiona astin-astin egiten jarraitzen du “Sistema antisocial” 30 urtean abiadurak eta potentziak gidatutako ibilbide oparo baten estudioko zortzigarren diskoan.

  • "Sistema antisocial" diskoa kaleratu du gasteiztar metal eta hardcore taldeak

    "Sistema antisocial" diskoa kaleratu du gasteiztar metal eta hardcore taldeak

Soziedad Alkoholika gasteiztar taldea bueltan da ?Sistema antisocial? (Maldito Records, 2017) estudioko bere zortzigarren diskoarekin. Horretan, aurrean duten oro errausten jarraitzen dute, diskoa zabaltzen duen zartako ozenean esaten dutenez, entzulearen barrenak jotzen, eskertzekoa den ahaleginean; izan ere, ez da gutxi entretenimenduaren muga gainditzen saiatzea, ?Tiempos oscuros? 2003ko beren diskoan kontagai zituzten bezain ilunak (edo are ilunagoak) diren garaietan, plastikozko errealitatean, kontsumo azkarraren eta etengabeko zappingaren aroan.

Hardcore erritmo kementsuak eta metal zorrotza (?Alienado?) nahasten jarraitzen du SAk, lehen diskoa duen honetan Alfred Berengena taldean 2014an sartu zen bateria-jotzaile katalanak gidatuta (Roberto Castresana aurreko bateria ordezkatzea ez zen erronka makala, eta Berengenak ondo baino hobeto bete du zeregina, diskoko lehen kantutik bertatik errepika eta tarratadak ezker-eskuin banatuta erakusten duen moduan), eta Juanek bat bera ere ez du tente uzten bere mikrofonotik (materialik ez du falta), dela sistema osoa (?mundu askea tranpa bat da? edo ?esklabo nahi gaituzte?, esaten dute), dela industria farmazeutikoa edo martxoaren 3ko Gasteizko hilketak, baina badago zirrikiturik hitz lasaiago eta alaiagoetarako ere (?Alkohol??).

Juanekin hitz egin dugu, duela ia 30 urtetik pentsu lehorra emateri utzi ez dion boskotearen disko berriaz (bai, urte horiek guztiak joan dira ?Intoxikazion etilika? izeneko maketan, besteak beste, ?S.H.A.K.T.A.L.E.?, ?Nos vimos en Berlín? eta ?Padre Black & Decker? argitaratu zituztenetik).

?Caucho ardiendo? EPa alde batera utzita, ?Sistema antisocial? sei urtean atera duzuen lehen diskoa da, estudioko hirugarren lana hamar urtean. Zergatik horrenbeste denbora disko batetik bestera?

Ez dakit oso ondo zein den arrazoia, baina argi dago ez garela oso talde emankorra.

Disko bat egiten dugun bakoitzean, geure buruari esaten diogu ?hurrengo diskoa hemendik bi urtera kaleratzen saiatuko gara?, baina, azkenean, han-hor-hemen kontzertuak emateko zurrunbiloan sartzen gara, eta, lan berrian lanean hasten garenerako, lau urte joan dira konturatu orduko.

Oraingoan, gainera, Robertoren zorigaiztoko lesioak ere eragin ahal izan du, horrek funtzionatzeko modua hankaz gora jarri baitzigun apur bat. Gainera, diskoak egiteko presiorik izaten ez dugunez, prest gaudenean egiten ditugu, gauza berriak kontatzeko gogoa dugunean.

 

Konposatzeko orduan, diskotik diskora doan denboran bildutako materiala erabiltzen duzue edo konposatze lanetarako epe bat jartzen diozue zeuen buruari?

Bada, ohikoena da Jimmyk bere aldetik musika sortzea eta nik neure kasa hitzak idaztea, eta, kantu nahiko dugunean, bueltak ematen eta forma ematen hasten gara guztiok batera.

Oraingoan, duela urte pare bat bageneukan kantu askoren musika, baita hitzak ere, baina motibazioa eta une egokia aurkitu behar genituen, denok bide berean, helmuga bererantz, abant egiteko.

"Gure soinua, ahalik eta modurik benetakoenean"

Ekoizpena Jimmyk, taldeko gitarristak, hartu du bere gain. Zer soinu bilatu duzue eta zer baliabide erabili dituzue horretarako?

Gure asmoa zen gure soinua ahalik eta modurik benetakoenean islatzea. Gure musikarekin ez dugu esperimenturik egiten, badakigu zer nahi dugun. Ez dago misteriorik: gure diskoetan gu garen hori albait fidelen erakutsi nahi izaten dugu, eta helburu horrekin egin dugu lan.

Ahalegin handia egiten dugu gure tresna eta anplifikadoreak ahalik eta ondoen edukitzeko, nola zuzenekoei hala grabazioei begira, eta, disko honetan, estudioko tresna onenak erabili ditugu. Beraz, gure eginbehar bakarra zen kontzentratzea eta nahi genuena grabatzea. Eta hori egin dugu.

Hiru estudiotan grabatu duzue diskoa. Zer bilatu duzue horietako bakoitzean?

Estudio desberdinak aukeratzeko arrazoia izan da grabazioa gure beharrizanetara egokitzeko nahia, eta ez alderantziz. Geuk ezarri ditugu grabazio saioen erritmoa, eta ez estudioek, normalean gertatu ohi den bezala.

Horri esker, grabazioan gehiago kontzentratu ahal izan gara, estudioen epe edo agendetan pentsatu gabe. Ahotsak Gasteizen grabatu ditugu. Gitarrak eta baxua ere bai, baina Tue Madsenek Danimarkan duen estudioan anplifikatu ditugu. Bateria Alfredek Gironan duen estudioan grabatu genuen, ekipamendu zinez ona baitauka bertan, eta, gainera, Tue bertara joan zen egun batzuetan, laguntzeko. Bilatzen genuen soinu naturala lortu dugu horrekin guztiarekin.

soziedad alkoholika sa 2017

Hain zuzen ere, Alfred Berengenarekin egin duzuen lehen diskoa da, Roberto Castresanak, lesio baten ondorioz, taldea utzi behar izan zuenetik. Zer moduz dago Roberto? Zer ekarri dio Alfredek SAren soinuari?

Roberto ondo dago, bateria jotzeari utzi behar diozula entzuteak ematen dizun ostiaz haratago. Sekulako adorea erakutsi du, eta aurrera egiten ari da. Ikaragarria da.

Alfredekin ederto batean moldatu gara hasieratik; Robertorena ez bezalako estiloa du. Bateria oso profesional eta teknikoa da, eta kristoren segurtasuna ematen digu zuzenekoetan atzean edukitzeak. Bizi asegurua da (kar-kar).

Ez dituzue kolaborazioak gehiegi maite, baina disko honetan, ?Policías en acción? kantuan, Mark ?Barney? Greenway Napalm Death taldeko kideak duzue lagun. Nola sortu zen kolaborazio hori?

Tira, lokalean sortu ohi den ideia horietako bat da. Kantu batzuk oso egokiak iruditzen zitzaizkigun Barneyk kantatzeko duen modurako, eta, gurekin abestuko zuela baieztatu zigunean, ?Policías en acción? aukeratu genuen, hain zuzen bere estilotik gehien aldentzen den kantua delako eta nire ahotsarekin oso ondo uztartuko zelakoan. Aitortu behar dut nire ahotsak umemoko batena ematen duela berarenaren aldean.

Napalm Death gure talde gogokoenetakoa izan da betidanik, eta, lagun komunak ditugunez eta elkar ezagutzen dugunez, oso erraza izan da prozesu osoa. Gainera, gaztelaniaz abesteko inolako eragozpenik ez zuela esan zigun; halandaze, itzel! Oso harro gaude berak parte hartu duelako.

Hodei eta Magu Arkada Social Arrasateko taldeko kideek ere lagundu digute koru batzuk egiten, eurek berezkoa duten kaleko kutsu hori eskatzen ziguten kantu batzuetan. Eta haien arrastoa nabarmena da kantu batzuetan: ?Sistema antisocial?, ?No olvidamos, 3 de marzo?, ?Alkohol??

Gure Robertok ere bere ahots berezia sartu zuen koru batzuk egiteko.

"Giza arrazakeriaren nazkagarrikeria", hitzetan

Aurrerapen kantuak (?No olvidamos, 3 de marzo?) Gasteizen 76an izandako hilketak gogoratzen ditu, eta, hitzei begiratuta (?Causas podridas?, ?Alienado?, ?Siervo de derechas?, ?Sistema Antisocial??), bistan da egurra ematen eta gustuko ez duzuena salatzen jarraitzen duzuela (?gure kartzela beren legea da?, dio ?Fugitivos?ek). Zertaz hitz egiten dute disko honetako hitzek?

Giza arrazaren nazkagarrikeria jorratu dugu hasieratik gure hitzetan, egokitu zaigun gizartean ikusten ditugun bidegabekeriak eta boterearen nagusikeriak. Gutxi gorabehera, horren inguruan joaten dira hitzak, eta horrek pizten dit idazteko gogoa.

Dena dela, beti egoten da tartea gai pertsonalagoak ere jorratzeko; gogo aldartearen ingurukoak edo informalagoak. Oraingo honetan ere, bide horretatik doaz.

Auzitegi Nazionalak eta Gorenak errugabetu eta gero ere, 2015ean, Madrilen jotzea debekatu zizueten. Zelan dago gai hori?

Ordudanik, ez dute gure kontzertu gehiagorik bertan behera utzi, baina Poliziaren eta eskuin muturreko taldeen mehatxu eta gogorkeriak hor jarraitzen du, gure kontzertuak hartzen dituzten aretoen aurka. Dena dela, alde ona da gero eta arreta gutxiago eskaintzen zaiela, jendeak badakielako zer diren, eta hau jazarpen ideologikoa besterik ez dela.

Kalteak jasaten ditugu, batik bat udal batzuek betoa jarri digutelako, lehen gure kontzertuak batere arazorik gabe hartzen zituzten udalerri askotan.

Zuzenekoei begira, zer asmo duzue?

Udari begira, data nahikotxo itxi ditugu dagoeneko. Beraz, errepertorio berria prestatuko dugu, disko berriko bost bat kanturekin, eta astinaldia emango diogu orain arte jo dugunari ere, gure ibilbide osoko une jakin batzuk islatuko dituen kantu zerrenda biltzen saiatzeko.

2018an, 30 urte beteko ditu SAk. Zerbait pentsatu duzue hori ospatzeko?

Ezer ez, afari bat-edo egingo dugu (kar-kar). Ez gara horrelakoak ospatzeko oso zaleak. Guretzat, kontzertuak egiten jarraitzea ospakizun nahiko da, egia esan, baina, tira! Horrenbeste jende dugunez galdezka, ostiaren bat egin beharko dugu.

?Garapenaren istorio polit hori? musikara heldu da. 30 urtean, zer hobetu eta zer okertu da gasteiztar musikari baten ikuspuntutik?

Onena, dudarik gabe, musika sortu eta grabatzeko gailuen demokratizazioa izan da, baita kontzertuen seriotasuna, antolakuntza eta profesionalizazioa? Ez dakit.

Eta txarrena lehen garaietako bat-batekotasuna galdu izana da, agian; dena asmatzeko eta egiteko zegoenean dena norberak martxan jarri behar zuenekoa. Lehen garai haietan, oso dibertigarria zen eszena berri bat eraikitzeko basakeria eta freskotasuna. Hardcore edo punk kontzertu batera joatea militantea izatea zen ia-ia.

Baina, tira, bestalde, nahiago dut gauzak orain nolakoak diren, ikuspegi zabalago baterantz lerratu da kontua, eta aurreiritzi gutxiago daude musika mota bat edo bestea entzuteko orduan.

Adinaren eta profesionalizazioaren ondorioz, aldatu egin al da musikarekin duzuen harremana?

Niri dagokidanez, egia esan, bai. Ez dakit nolabaiteko saturazioa den, egun osoan kontzertuetan, entseguetan-eta sartuta egotearren edo, baina, etxera heltzen naizenean, isiltasuna eta lasaitasuna bilatzen ditut. Gaur egun, autoko joan-etorrietan entzuten dut musika gehien; hor, bolumena igo eta musikaren energiaz gozatzen dut. Baina etxean, oso gutxi.

Aitortu behar dut, halaber, gauza berriak aurkitu eta bilatzeko gogoa ere nahiko apaldu zaidala, eta beste batzuek aholkatu ohi dizkidatela benetan kemena berritzen didaten edo hunkitzen nauten talde edo musika joera berriak. Ez dut esango dagoeneko ez dagoela lehengoak bezalako talderik, baina uste dut apur bat zaharkituta gelditu naizela proposamen berriei dagokienez. Musika entzuteko orduan, ia beti jotzen dut atzera iraganean markatu ninduen musikara.

Bukatzeko, galde-erantzunen segida labur bati erantzutea gustatuko litzaidake, gure irakurleei zuen eraginak gerturatze aldera.

Euskal talde edo musikari bat?

RIP

Atzerriko talde edo musikari bat?

Motörhead

Disko ezinbesteko bat?

?No Control? (Bad Religion)

Jotzeko toki bat?

Gasteizko Jimmy Jazz

Abeslari bat?

Mike Muir (Suicidal Tendencies)

Gitarrista bat?

Rocky George (Suicidal Tendencies)

Baxu-jotzaile bat?

Robert Trujillo (Suicidal Tendencies, Metallica?)

Bateria-jotzaile bat?

Eloy Casagrande (Sepultura)

Kontzertu bat, ikusle gisa?

Social Distortion Bergarako Jam aretoan, mila bederatziehun eta laurogeita hamapikuan.

*Soziedad Alkoholika disko berria zuzenean aurkezteko lanean murgilduko da orain. Martxoaren 17an Bonberenean (Tolosa) egongo dira; 18an, Zorrotzako gaztetxean; apirilaren 14an, Igorren (Gazte Akelarrea); maiatzaren 27an, Iruña Rocken; ekainaren 30ean, Lapuebla Rock Feste; eta uztailaren 27an Hatortxu Rock jaialdian, Lakuntzan.