Itxi

Musika

Maiatzean

Cracker, PiLT, Anestesia, Bombino eta beste asko, Kultura Live Zirkuituan

Agentziak | Erredakzioa

Zuzeneko musika duten Euskal Herriko areto pribatuen elkarteak Kultura Live Zirkuitua antolatu du maiatzerako.

  • Bombinok maiatzaren 14an joko du, Donostian

    Bombinok maiatzaren 14an joko du, Donostian

Wovenhand, Cracker, PiLT, Anestesia, Reverend Peyton's Big Danm Band, Zen Garden, Dedo, Bombino eta beste hainbat talde igaroko dira Kultura Live elkarteak maiatzean abiatuko duen Kultura Live Zirkuituaren lehen ediziotik. Ekimen horren bitartez, Kultura Live elkartea osatzen duten aretoen arteko "kalitatezko kontzertuen zirkuitu dinamikoa" bultzatu nahi da.

Horrela, horren arduradunek jakinarazi dutenez, maiatzean Euskal Herriko hainbat aretotan antolatuko diren kontzertuek osatuko dute Kultura Live Zirkuitua. Kafe Antzokia, Helldorado, Fever-Santana 27, Beikozini, Bermeoko Kafe Antzokia, Atabal, Tunk!, Dabadaba, Le Bukowski, Doka, Zentral Kafe Teatro, Totem, Bilbaína Jazz Club, Sala Noboo eta Plateruena dira horretan parte hartuko dute aretoak.

"Zirkuituari esker, zuzeneko musika aretoek aurkitzen diren hirietako, herrietako eta auzoetako ekonomian duten eragina nabarmentzea bilatzen dugu. Ekosistema hauetako giza eta kultur jardueran aurrera egiten laguntzen duten programazioak eskaintzen dituzte zuzeneko musika aretoetako ekitaldiek, eta lan hori gizarteratzea nahi dugu. 2017an lehen aldiz egingo dugun Kultura Live Zirkuitua etorkizunean Euskal Herriko zuzeneko musika profesionalaren eszenan erreferente bat izatea nahi dugu", adierazi dute.

Kultura Live elkartean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako zuzeneko musika areto profesionalak biltzen dira. Aretook urtero mila ekitaldi baino gehiago antolatzen dituzte, eta guztira 10.000 pertsonarentzako edukiera gainditzen dute.