Itxi

Musika

“Andante doloroso”

Aita Donostiak pianorako idatzitako obra argitaragabe bat aurkitu dute

Agentziak | Erredakzioa

Josu Okiñena pianistak errekuperatu duen eskuizkribua lau minutu baino gehiagoko lan amaitugabe bat da, Aita Donostiak “Andante doloroso” deitutakoa.

1:34

Josu Okiñena pianistaren ekimenari esker, Aita Donostiak 1954an, hil baino bi urte lehenago, pianorako idatzi zuen lanaren, “maisulan” baten, berri eduki dugu. Okiñenak aurkitu duen kantua Aita Donostiak pianorako idatzi zuen azkena da, eta, haren aberastasun eta jite abangoardistari esker, nazioarteko musika ondarean sartzeko modukoa dela esan dute gaur haren aurkezpenean.

Eskuizkribua 4 minutuko kantu amaitugabea da, eta Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostia donostiar konposatzaileak berak “Andante Doloroso” izena jarri zion.

Hain zuzen, “Andante Doloroso” Xuxurlak Josu Okiñenaren hurrengo diskoan entzun ahal izango da, lanaren % 70 osatzen duten euskal konposatzaileen gainerako kantu argitaragabeekin batera.

Tomas Garbizuren (1901-1989) eta Pascual Aldave Lesakan jaio baina Gipuzkoako hiriburuan bizi izan zen musikariaren (1924-2013) lanak ere sartu dituzte diskoan, baita Juan Andres de Lombideren lan bat, zeina Txileko Santiagoko etxe batean agertu baitzen, eta Felix Lavillaren sei lan.

Okiñenak adierazi du denborak “dagokion tokian” jarriko duela “Andante Doloroso”; izan ere, “kalitate handia” du eta “mintzaira abangoardista” darabil.