Musika
Irailaren 16an
Rustyc Festek iraganerako bidaia proposatzen du, harea eta folka lagun
N.V. | eitb.eus
Amerikar sustraiko musikako jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute larunbatean, irailak 16, Getxon, Galeako zaldiketa klubaren egoitzan.
-
11:00ean zabalduko dituzte ateak Getxoko zaldiketa klubean
Biolinak, garagardoa, zalditegiak, banjoak, barbakoa, country musika, bizarginak… Rustyc Fest jaialdiak Getxon eskainiko du hori guztia irailaren 16an, larunbatarekin, Tucsonera edo Abilenera joan beharrik gabe eta (hau garrantzitsuagoa da, agian) denboraren makina hartu beharrik gabe XIX. mendera heltzeko.
Galeako zaldiketa klubaren egoitzak Rustyc Fest jaialdiaren hirugarren edizioa hartuko du egun osoan, antolatzaileek azaldu dutenez, “amerikar sustraiko musika tradizionala, countrya, bluegrassa, hillbillya, swinga eta jazza eskaintzen dituen musika topagunea, zeinetan aurten genero berriak aurkeztuko ditugun, hala nola irlandar eta euskal folka”.
11etatik aurrera, hamaika talde pasatuko dira zalditegi artean paratutako agertokietatik: Cloverwind, Howdy, The Bilbobillies, The Old Timey String Band, Crazy Jazzers, Boogie Riders, Lomoken Hoboken, Yee Haw, Mamagigi´S, Deiedra, River Folks, Bidean Erromeria, Gonzalo Portugal, Ghost Number & His Tipsy Gypsies, Catfish Louis & Washboard Johnny eta Big Man Finger Picking & Almost Blind Charly.
Jaialdiaren eremuan, bi agertoki nagusi eta oilategi batean jarritako agertoki txikiago bat izango dira, baita jateko postuak, artisautza gaiak, grabazio estudio bat eta umeentzako gunea ere.
Beteta egon arte sartu ahalko da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.