Musika
Elkarrizketa
Imanol Ubeda: 'Neure burua berrasmatu nahi nuen'
Natxo Velez | eitb.eus
'Mugiro bila' Don Inorrez proiektuaren disko berria zuzenean aurkeztuko du Imanol Ubedak aste honetan, ostegunean, apirilak 12, Kafe Antzokian, eta apirilaren 14an Dabadaban, Donostian.
-
'Mugiro bila' da Don Inorrez proiektuaren lehen diskoa. Argazkia: Ibai Arrieta.
Zenbait artistak taldean garatu ezin dituzten kezkak plazaratzeko jotzen dute bakarkako proiektuetara, arnasa bila, taldearen musikak asetzen ez dituelako, baina batzuetan zirkunstantziek behartzen dute aldaketa.
Imanol Ubeda (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean, Peiremans+) gustura zebilen sormena Bide Ertzean taldearen bidez (eta Peiremans+ proiektuan) gidatzen, baina egun batean Joni Ubeda anaia eta taldekideak (Imanolek ondoan izan du, baxua jotzen, Deabruak Teilatuetan eta Bide Ertzean taldeetan) jakinarazi zien kontzertu eta entseguen erritmoa ez zela bateragarria bere bizimoduarekin, eta taldearen jarduna etetea erabaki zuen Bide Ertzeanek.
Ate bat ixten denean, baina, beste bat zabaltzen omen da, aurrera begira bizi denarentzat bederen, eta Imanol Ubedak Don Inorrez proiektua abiatu du orain, Karlos Arancegui bateria-jotzaile bikainarekin (Bide Ertzean, Mikel Erentxun, Ivan Ferreiro, Quique Gonzalez, Alex Ubago, Rulo y La Contrabanda).
Bi urtez konposatutako pop kantuen zirriborroak Paco Loco ekoizlearen (Bunbury, Mikel Erentxun, Australian Blonde?) estudiora eraman zituzten Ubedak eta Aranceguik iaz, eta ?Mugiro bila? indie ukituko pop disko orekatua grabatu zuten bertan. Laneko hamar kantuetan, distira eta itzala uztartzen dira, melodia bareak eta konponketa artegatsuak, gitarra gordinak eta akorde laztankariak, jarioa eta tentsioa.
Orain, zuzeneko lehen emanaldien atarian, Imanol Ubedarekin hitz egin dugu.
Bide Ertzeanen ibilbidea etendakoan zerbait berria egiteko gogoa zenuela esan duzu. Zer sortu nahi zenuen edo zer ez zenuen errepikatu nahi?
Zerbait berria asmatu baino gehiago, beste zerbait egiteko gogoa nuen. Lehen bulkada hori bera izan zen, neure burua berrasmatu nahi nuen, nolabait esatearren.
Kanten trataera artistikoan eta letren tonuan topatu nuen beste zerbait egiteko bidea. Eta horretan, Ione Gorostarzuren Des egiten (Elkar, 2012) poesia liburua izan zen giltzarria; bertan da Bere txisteak abestiko letra.
Hain zuzen ere, hori izan zen konposatu nuen lehen abestia, eta, neurri handi batean, kanta horrek zabaldu zuen gainerakoen bidea.
Karlos Arancegui bateria-jotzailearen lana funtsezkotzat jo duzu proiektua aurrera ateratzeko. Nola landu dituzue kantuak? Zer ekarpen egin ditu?
Bide Ertzeanen etenaldia izan ez balitz, sekula ez nuen bakarlari bihurtzeko urratsa egingo, musikan aritzeko behar nuen guztia ematen zidalako taldeak, baina, behin etenaldia egitea erabaki genuenean, berehala sentitu nuen Karlos Aranceguiren konplizitatea.
Asko animatu ninduen, eta bidaide izan dut Don Inorrez martxan jartzea erabaki nuenetik. Musikari bikaina izateaz gain, kantaren ikuskera globala du, eta, zentzu horretan, bere irizpide artistikoak pisu handia izan du beti nigan. Lehen eta orain.
Todo Percusión webguneak Aranceguiri eginiko elkarrizketa (gaztelaniaz)
Zenbat aldatu dira lokaletik eramandako zirriborroak Cadizko estudioan?
Kantak bere soiltasunean, Karlosekin batera finkatu nituen abestien egitura oinarri-oinarrizkoak eraman genituen Paco Locoren estudiora. Dena egiteke zegoen, eta, neurri handi batean, hori izan da geure burua berrasmatzeko beste modu bat, kantak oinarri-oinarrian utzi ditugula Paco Locoren eskuetan.
Paco Locok berebiziko garrantzia izan du, diskoari antzeman dakiokeenez, soinu aldetik nahi zenuen nortasuna finkatzeko. Zer eskatu zenioten edo zer eskaini zizuen berak?
Intuizioz jo genuen berarengana. Karlos Aranceguiren ustez, Paco Locok ekarpen artistiko ederra egin ziezaiokeen Don Inorrezi. Eta estudioko lehen egunean konturatu ginen bete-betean asmatu genuela.
Paco Locoren jarrera eskuzabala izan da: kanta bakoitzean entzuten diren instrumentuak eta zaratak berak hautatu ditu, abesti bakoitzak duen kutsua berak eman dio, koroen aita pontekoa bera da, diskoak bere osotasunean duen soinua berari zor zaio... Zer ez da aldatu Pacorekin! Eta hobera, gainera!
Alde lirikoari dagokionez, tonu ironiko eta zirikatzaileagoak, gauzak beste modu batera esateko ez ezik, beste gauza batzuk esateko aukera ere eman dizu? Nola jardun duzu letragintzan?
Nola jardun naizen letragintzan? Bada, ahal izan dudan moduan. Nahiko nuke beste jario bat izan, errazago idazteko abilidadea eduki, baina gauzak bestelakoak dira, zoritxarrez.
Ione Gorostarzu eta Angel Gonzalez poeten idatziekin osatu nituen "Bere txisteak" eta "Kristoren gonbidapena" kantak. Badute ironiatik, badute kritikotasunetik. Eta nik idatzi ditudan letra gehienak ere bide horretatik datoz.
Baina, egia esatera, diskoak ez du ildo edo gai jakin bat. Badira bestelako aldarteren ikur diren kantak ere.
Autoekoizpenean murgildu zara proiektu berri honetan. Zer abantaila eta zer desabantaila aurkitu dituzu lan egiteko modu horretan?
Bide Ertzeanekin Gaztelupeko Hotsak zigiluan urte luzez egon arren, autoekoizpen maila altuko taldea izan gara beti. Bestela ere, autoekoizpena ezaguna genuen aurretik: Deabruak Teilatuetan eta Peiremans+ taldeen azken diskoak horrelaxe egin genituen.
Don Inorrezen lehen diskoarekin ere, arrisku denak gure gain hartu ditugu, horrek dituen aldeko eta kontrako ezaugarri guztiekin.
Orain arte ez dugu kexurik, pozik gaude egindakoarekin. Baina hau hasi besterik ez da egin, sei hilabete barru esango dizut ia aldarte berean ote gauden.
Diskoa Paco Locoren beraren (gitarra eta teklatuak) eta Jacob Reguilón baxu-jotzailearen (Quique González, Ariel Rot, Xoel López?) laguntzaz grabatu duzu, baina zuzenekoetan ez dituzu lagun izango. Zein formazio ikusiko dugu Don Inorrezen kontzertuetan?
Zuzenean, etxe inguruko bi musikari handi izango ditugu alboan: Ruben Caballero gitarra-jotzaile errenteriarra eta Fernando Neira baxu-jotzaile donostiarra. Ibilbide luzeko musikariak dira biak, eta Karlos eta biak entsegu bakoitzean gozatzen ari gara entsegu bakoitzean, hauen ondoan.
Emanaldiotan, diskoa osorik joko duzue? Bestelako kantuekin osatuko duzue kantu zerrenda? Zeinekin?
Diskoko kanta denak joko ditugu, baita diskotik aparte utzitako abestiren bat ere. Horretaz aparte, bertsio batzuk ere egingo ditugu; ez asko, bizpahiru.
Eta bertsioak ere Mugiro bila diskoaren soinukerara ekarri ditugu.
Zer aurkituko du, beraz, Bilboko eta Donostiako kontzertuetara bertaratzen denak?
Kanta berriak aurkezteko gogo biziz dagoen laukote bat. Diskoan jasotakoa oholtza gainera eramateko garaia da, eta uste dut kantu batzuk hazi egiten direla zuzenekoetan.
Gainerakoan, esango nuke bi urte luzez aritu garela proiektu hau eta disko hau prestatzen, eta badugula lokaleko iluntasunetik agertokiaren argitasunera igarotzeko gogoa.