Itxi

Musika

Heriotza

Maria Dolores Pradera espainiar abeslari eta aktorea hil da

Agentziak | Erredakzioa

Interpretazioan hasi zuen bere ibilbide artistikoa, antzerkian eta zineman, baina kantagintza folkloriko-lirikoa izan zuen gero adierazpide nagusia. 93 urte zituela hil da.

  • 93 urte zituela zendu da Pradera

    93 urte zituela zendu da Pradera. Argazkia: Efe.

Maria Dolores Pradera espainiar abeslari eta aktorea hil da, Madrilen, 93 urte zituela.

40ko hamarkadan, Pradera interpretazioan hasi zen, ‘Yo no me caso’ (1944) eta ‘Los habitantes de la casa deshabistada’ (1946) pelikuletan, baina ospe eta oniritzi handiena ekarri zioten paperak ‘Altar Mayor’ (1943) eta ‘Ines de Castro’ filmetakoak, non Zuria Nafarroakoarena egin baitzuen, izan ziren.

Antzerkian ere jardun zen, ‘La Celestina’, ‘Las tres perfectas casadas’ (Alejandro Casona) eta ‘Mariana Pineda’ (Federico Garcia Lorca) lanetan, besteak beste.

Gero, musikagintza izan zen Maria Dolores Praderaren jardueraren ardatz. 1952an debutatu zuen, genero liriko eta folklorikoan, eta urrezko 30 disko baino gehiago jaso zituen ibilbide osoan.

Kantu asko abestu zituen, hauek tartean: 'Fina estampa', 'Toda una vida', 'Quisiera amarte menos', 'El tiempo que te quede libre', 'Amarraditos', 'En un rincón del alma', 'Dos amores', 'Limeña', 'Amanecí en tus brazos', 'Son de la loma', 'Cariño malo' eta 'Tú que puedes, vuélvete'.

Erakundeek hainbat aldiz goraipatu zuten haren lana: Lanaren Merezimenduko Urrezko Domina, Arte Ederren Domina, Antzerkiaren Sari Nazionala eta Merezimendu Artistikoaren Madrilgo Urrezko Domina eman zizkioten.