Itxi

Musika

Elkarrizketa

Saioa: 'Disko osoagoa egin nahi genuen'

Natxo Velez | eitb.eus

Saioa bikoteak “Hiru, hamalau” disko kontzeptual kolektiboa kaleratu du. Kamila Zubeldia taldekidearekin hitz egin dugu.

  • 'Hiru, hamalau' diskoa kaleratu du Saioa taldeak

    'Hiru, hamalau' diskoa kaleratu du Saioa taldeak

Biribilaren kontzeptua, bi ahots, gitarra akustikoa, Rafa Rodrigo Perurenaren argazkiak eta hainbat lagunek argazki horietan oinarrituta idatzitako testuak: horiek dira Saioa taldeak, Kamila Zubeldiak (Unama) eta Marieder Iriart-ek (The Sparteens) osatzen duten bikoteak, Hiru, hamalau diskoa ontzeko erabili dituzten lehengaiak.

Zubeldiak eta Iriartek Saioaren aurreko bi diskoetan lan egiteko erabilitako jarraibideak aldatu dituzte Hiru, hamalau honetarako, eta aldez aurretik ezarritako oinarri batzuen gainean abiatu dute beren sormena, hamalau idazlek (“zaildu ala amateur, lagun, artista, idolo, artista-lagun, lagun-idolo”, beraien hitzetan) jarritako hitzak gitarra biluz samarrez (eskertzen dira, “Debekuak” kantuan bezala, diskoan zehar monotonia hausten duten konponketak) eta ahots harmoniatsuz janzteko.

Rafa Rodrigo Saioa

Argazkia: Rafa Rodrigo

Kamila Zubeldiarengana jo dugu, lanaren inguruko zertzelada batzuk jakin nahian.

Zerk piztu zuen txinparta zirkuluaren inguruko lan bat martxan jartzeko? Zein da Hiru, hamalau diskoaren jatorria?

Egia erran, abiapuntua izan zen aitzineko diskoaren promozioa: Bi diskoa atera zelarik, eskuin eta ezker presentatzean eta diskoaz mintzatzean, argi iduri zitzaigun ondoko lanarentzat zerbait "osoagoa" egin nahi genuela.

Hobeki esplikatzeko, bai Marieder bai ni aiseago gara musika sortzeko momentuan; hitzei dagokienez, nekeago… Orduan, usaia hartu genuen gustuko genituen olerki, bertso edota edozein idatzi motarekin topo egiten genuelarik, hori buruan atxikitzea, eta egun batean ala bestean baliatzen genuen kantu bat sortzeko. Eta urtez urte, horrela ibili gara.

Beraz, 2014ko diskoa atera zelarik, pentsatu genuen ondoko lanarentzat behar genuela atzeman manera disko osoan hari bera ukaiteko; hasieratik bukaerarat, gai bera… Eta gogo handia genuen autore batzuek guretzat idaztea!

2017. urtearen hastapenean, ideia hori gauzatu nahi izan dugu. Bere estetika eta sinbolizatzen duen guziarengatik, biribilaren gaia fite finkatu genuen. Baina beldurtu ginen mugatuegia izanen zela, eta orduan pentsatu genuen Rafa Rodrigoren argazkietan. Gaiarekin zerikusia zuten 24 argazki hautatu genituen Rafak, Mariederrek eta nik, eta horiek izan ziren gure kantu berrien oinarri!

Ezagun zenuen Rafa Rodrigoren lana aurretik?

Rafa Rodrigo laguna dugu, eta, egia erran, mundu artistiko zabala du! Musikaria da, argazkilaria, light painting-a ere egiten du, origamia… Bere lana maite dugu, eta, argazkiekin lan egitea pentsatu genuelarik, berehala hari pentsatu genuen. Onartzen bazuen, plazer bat izanen zen berarekin lan egitea. Eta onartu egin zuen.

SAIOA, Kamila Zubeldia Marieder Iriart Argazkia: Iban Rusiñol

Argazkia: Iban Rusiñol

Zeren arabera aukeratu zenituzten kantuen idazleak?

Idazleei dagokienez, hasieran idazteko usaia duten gure inguruko jendeei pentsatu genuen. Lehen-lehenik, musikariei pentsatu genuen: Nahia Zubeldia, Jurgi Ekiza, Aguxtin Alkhat, Paxkal Irigoyen, Ainara Legardon…

Eta gero, zerendako ez, bertsolariak (Xan Alkhat, Ramuntxo Christy), Nora Arbelbide kazetaria… Eta zerrenda aski fite bete zen.

Gero, nahiz eta idazteko usaia gutiago ukan, zererrana edo, hobeki erran, zeridatzia ukanen zuten jende batzuen izenak etorri zitzaizkigun bururat: Amaia Bosom, Jenofa Oillaburu, Laida Etxemendi eta Aratz Gomez.

Eta azken momentuan, oroitu ginen nola 2014an, Heletan, kontzertu bat egin genuen ikastolaren alde, eta horretan aritu zirela Andoni Tolosa eta Beñardo Goietxe. Oroitu ginen gutartekoak zirela, eta ausartu ginen horiei ere gure proiektuan parte hartzera proposatzea… Eta onartu zuten. Hor aipatzen ditudanak animatu zirenak dira.

Rafa Rodrigo Saioa

Nola banatu zenituzten argazkiak idazleen artean? Zer muga jarri zenizkieten?

Idazleei gutuna igorri genien, postaz. Hor, 24 argazkiak ziren, eta ideia azaltzen genien letra batean. Letra horretan, proposatzen genien ikustea ea argazki horietan batek inspiratzen ote zituen.

Hilabete baten buruan, berriz ere galdetu genien ea animatzen ziren, eta zein argazki hautatu zuten. Hiru argazki bi aldiz hautatuak izan ziren, eta zortzi behin bakarrik: oreka polita heldu zen!

Hitzak idazteko, libre utzi genituen. Ez genien fitsik berezi galdegiten: testu, olerki, luze, motz, errimekin, errimarik gabe… Justuki. eklektikoa izatea espero genuen. Eta hortik landa, idatziak jasotzen hasi ginen!

Aldaketarik egin duzue testuetan, musika jartzeko orduan, edo orpoz orpo jarraitu diezue testuei?

Egia erran, saiatu gara ahal bezain fidel izaten, eta aldaketa biziki guti egin ditugu. Ez dugu fitsik arra-idatzi, baina esaldi bat ez kantatu edo errepikatu… Horrelakoak, bai, beti autorearen baimenarekin! Eta diskoaren liburuxkan, idatziak izan diren bezala agertzen dira testuak.

SAIOA, Kamila Zubeldia Marieder Iriart Argazkia: Iban Rusiñol

Argazkia: Iban Rusiñol

Zelan egiten duzue lan Saioa talderako doinuak konposatzeko orduan?

Dugun xantza da usu ez gaituztela ber gauzek inspiratzen Marieder eta ni. Aste guziz biltzen ginen, bakoitzak inspiratzen gintuzten idatziei buruzko ideiak ekarriz. Eta idatziak naturalki partekatu dira.

Hori, ideia orokorrei dagokienez. Gero, elkarrekin lan egiten dugu beti: elkarrekin konposatzea betidanik zaigu naturala. Xantza!

'Ilargiko gasna' kantuaren bideoa

Zein dira orain zuen asmoak, diskoa kalean dela?

Lehen gauza, poztu, puntu horretara iristeaz kontent! Ez gara profesionalak ez bata ez bestea, eta, beraz, lana dugu bestalde. Beraz, proiektu hori, disko hori, bururaino eramateaz kontent. Eta gero, ikusiko!

Beti kontent gara kantatu ahal izaten dugularik, gure bizi pertsonalen antolaketa ez baldin bada beti erraza ere…