Itxi

Musika

‘Galerak’

Hitzak eta doinuak, ahanzturaren aurka

Natxo Velez | eitb.eus

Alex Tellok ‘Galerak’ diskoa (Gaztelupeko Hotsak, 2019) aurkeztu du, Oihana Alkorta adiskideak 2007an zendu baino bi urte lehenago eman zion poema batetik abiatuta.

  • 'Galerak'

    Gaztelupeko Hotsak zigiluak merkaturatu du 'Galerak' diskoa

 “Zuhaitz hostoen atzean ezkutatzen den ilargiak zuregana narama / haizearen uluaz zure oihuak heltzen dira / ta galtzen naiz / mintzen nau…”. Hori zioen Oihana Alkortak (Orio, 1977 - Getaria, 2007) Alex Tello adiskideari 2005ean paper mutur batean izkiriaturik eman zion poemak, eta hitz horiei jarraipena emateko konpromisoa hartu zuen orduan Tellok.

Esan eta egin. Tello idazle eta aktoreak (Usurbil, 1977) hamahiru kantu bildu ditu ‘Galerak. Oihana Alkortaren poema baten segida’ lanean, tartean “Airean idazten dizkizut” Alkortak 2004an Zarautzen eta Orion egindako Kilometroak jairako idatzi eta interpretatutako kantua.

 “Alaia zen Oihana, ausarta”, kontatu digu Tellok. “Drama asko bizi izan zituen jaio zenetik (umea zela bere aita itsasoan desagertu zen eta adin helduan oso gertuko norbait istripuan zendu zen; ‘Airean idazten dizkizut’ kanta hari zuzentzen zitzaion), baina bizipen haiei buelta eman zien eta animo oneko azaltzen zen”.

Benito Lertxundirekin batera kantatu zuen lagun musikariaren absentziari idatzitako bertsoak (Alkorta 2007an hil zen, zirkulazio istripuan) musikatzea erabaki zuen Tellok 2015ean, eta bi pianista gazterengana jo zuen lantegi horretarako: Ignacio Arakistain (Azpeitia, 1998) eta Lucia Arzallus (Donostia, 1999), Musikeneko ikasleak biak ere.

Alex Tello idazle eta aktorea 

“Urteak eman nituen pianista baten bila, baina inor ez zen animatu. 2016an, Ignacio ezagutu nuen, eta ikusi nuen gogoa eta talentua zituela eta musika esparru askotan mugitzen zela”, esan digu Tellok.

Bi musikari gazteek tarteka jazz kutsua hartzen duen pop oinarria eskaini diete Tellok adiskideari idatziriko hitz ezinbestean goibel eta hunkituei, hamaika musikari gonbidaturen laguntzarekin: Aitor Gorosabel, Labrit, Xabi San Sebastian, Paula Brotons, Joli Pascualena, Onintza Manterola, Amaia Intxausti, Jon Gurrutxaga…

 “Duetoak nahi nituela esan nien. Abesti banaketa eta estiloak Lucia eta Ignacioren ardurapean egon dira, eta bikain uztartu dute istorioak eskatzen zuena eta beraiek eman zezaketena”, Telloren hitzetan.

Diskoaren amaieran, beste doinu batzuk hartzen dituzte oinarri Oihana Alkortarentzako hitzek, Couple (rocka eta postrocka), Bihozkadak (folk-rocka) eta Natali (funk eta soul estiloko pop dotorea) taldeen eskutik, zorigaiztoak eramandako adiskideari esateko, Telloren ahotik, “abestuko dugu zure freskuran murgilduta, ez gara biziko triste eta etsituta zuk lagunduta”.

 ‘Galerak’ diskoa dago orain, adiskidetasunaren lekuko, eta, hamahiru kantuokin batera, Xabier Sagasta ilustratzaileak sortutako euskarrian, DVD bat, zeinetan 2018ko azaroaren 10ean Usurbilen egindako diskoaren zuzeneko aurkezpena bilduta baitago.

Galeraren zuloa sormenez bete du Tellok, ametsa gauzatuz (“nire ametsa eta helburua zen diskoa”, haren hitzetan) eta Oihana Alkortaren hitzak oihartzun dotorez jantziz, adiskidearen lorratzari jarraipena emanik, ahazten duguna soilik desagertzen baita betiko.


Oihana Alkortak Alex Tellori 2005ean emandako paper muturra