Itxi

Musika

Abuztuak 26-30

Flamenco on Firek streamingez ere eskainiko ditu hainbat kontzertu handi

Agentziak | Erredakzioa

Sabicas maisua omenduko duen aurtengo edizioan, bost euroan ikusgai izango dira Remedios Amaya eta Farruquitoren, Pitingoren eta Chano Dominguez eta NOSen emanaldiak.

  • Miguel Poveda

    Miguel Povedak Tuteran eskainiko duen emanaldiak abiatuko du jaialdia

Gaur, asteazkenarekin, hasiko da Flamenco on Fire jaialdiaren zazpigarren edizioa, eta, antolatzaileek iragarri dutenez, etxetik edo nahi den tokitik ere ikusi ahalko dira kontzertu nagusietako batzuk aurten, bost euro ordainduta. Hain zuzen ere kontzertu hauek egongo dira ikusgai, baluarte.com webgunean: Farruquito eta Remedios Amaya (abuztuak 28), Pitingo (abuztuak 29) eta Chano Dominguez eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa (abuztuak 30).

Zazpigarren edizio honetan, Sabicas nafar maisua omenduko dute jaialdian, flamenkoa mundura zabaltzeko berebiziko lana egin zuen musikaria.

Emanaldi errenkada asteazkenean hasiko da: Miguel Povedak kontzertua eskainiko du Gaztembide antzokian, Tuteran, sarrera guztiak salduta daudela. Bihar, Vicente Amigo gitarrista Iruñean arituko da, Baluarten, eta, ostiralean, Javier Colina nafar kontrabaxu-jotzaileak Gayarren joko du, Josemi Camona, Antonio Serrano eta Borja Barrueta bizkaitar bateria-jotzailea lagun dituela.

Gainera, Iruñeko Ziutadelan kontzertuak izango dira larunbat-igandeetan, 21:30etik aurrera, eta Udaletxeko balkoia agertoki bihurtuko dute eguerdiro, Remedios Amaya, La Macanita, Kiki Morente eta Pepe Habichuela eta Victor Monge “Serranito” artistentzat (sarrerak agortuta).

Agortuta daude, halaber, Civivox Condestablen Antonia Jimenez, Rafael de Utrera eta El Perla, Serranito eta Antonio Serrano ikusteko txartelak.