Musika
Musika Bulegoa sariak
Musika Bulegoa sariek musikariak aupatu dituzte, pandemia gorabehera
eitb.eus
Jimmy Jazz Gasteizko aretoak hartu duen ekitaldi batean, kultura segurua dela aldarrikatu, eta hamaika artista, talde, erakunde eta lokalen ibilbidea saritu dituzte.
-
Dupla bikotea saritu dute, besteak beste
Musika Bulegoak urteroko sariak banatu ditu gaur, asteazkenarekin, Jimmy Jazz Gasteizko aretoan, covid-19ak eragindako osasun krisiak eta berorrek sektore honetan izan dituen ondorio gogorrek markatutako ekitaldi batean.
Zea Mays, Xabi Aburruzaga, Zukan hirukotea, Pascal Gaigne, Niña Coyote eta Chico Tornado, Maite Larburu, Kafe Antzokia, Euskal Barrokesemble, Eresbil, Dupla eta Baloreak izan dira 2020ko edizioko hamaika sarituak. Horietako bakoitzak 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bat jaso ditu.
Epaimahaiak 108 proposamen aztertu ditu sariak emateko, eta zortzi aukeratu dituzte guztira. Kafe Antzokiari eman zaion Sari Berezia ("Euskal Herriko zein munduko euskal musika kulturaren erreferenteetako bat izateagatik") eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboari eman zaion Ohorezko Saria (“hainbat estilotako eta izaerako musika gordetzeaz gain, Euskal Herriko musika funts garrantzitsuenak kontserbatzen ditu) Musika Bulegoak berak aukeratu ditu, eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren saria Etxepare Euskal Institutuarekin ebatzi dute elkarlanean.