Musika
Heriotza
Eddie Van Halen gitarra-jotzaile mitikoa hil da 65 urte zituela
agentziak | erredakzioa
Bere semeak, musikaria den Wolfgangek, eman du albistearen berri sare sozialetan. Bere izena daraman taldearen sortzaile eta gitarra-jotzailea minbiziak jota zendu da.
-
Van Halen. Argazkia: Efe
Eddie Van Halen, Van Halen talde famatuaren sortzaileetako bat eta 70eko eta 80ko hamarkadetako rockaren ikonoa, hil da gaur, 65 urte zituela, eztarriko minbiziaren eraginez, Wolfgang semeak sare sozialetan jakinarazi duenez.
Santa Monicako (Kalifornia, AEB) Providence Saint John 's Health Center ospitalean hil da.
Eddie Van Halen gitarra-jotzaile mitikoa eta itzal handikoa izan zen.
— Wolf Van Halen (@WolfVanHalen) October 6, 2020
"Ezin dut sinetsi hau idatzi behar dudanik, baina nire aitak, Edward Lodewijk Van Halenek, minbiziaren aurkako borroka gogorra galdu du gaur goizean. Bera izan zen eskatu ahal izango nukeen aitarik onena. Harekin oholtza gainean eta azpian partekatu nuen une bakoitza opari izan ziren. Bihotza txiki-txiki eginda daukat, eta ez dut uste inoiz bere onera etorriko denik. Asko maite zaitut, aita", adierazi du Wolfgang Van Halenek Twitterren.
1955eko urtarrilaren 26an jaio zen Amsterdamen (Herbehereak), eta Van Halen hard rock taldearen gitarra-jotzaile eta sortzaileetako bat izan zen, Alex anaiarekin batera. 1972an hasi ziren familia-bileretan eta eskolan jotzen, eta David Lee Roth ezagutu zuten, taldeko abeslaria bihurtuko zena, eta 'Van Halen' izeneko lehen albuma atera zuten 1978an, eta 'Van Halen II', berriz, hurrengo urtean.
Haien atzetik joan ziren 'Women and Children First' (1980), 'Fair Warning' (1981) eta 'Diver Down' (1982).