Itxi

Musika

Elkarrizketa

Amorante: "Detaile txiki guztiak oso garrantzitsuak dira niretzat"

Natxo Velez | eitb.eus

Zuzenekoetara begira dagoen proiektua izanagatik, estudioko hirugarren lana argitaratu du Amorantek. Iban Urizarrekin hitz egin dugu atera berri duen disko ilun, dotore eta hunkigarriaz.

  • Amorante

    "Bat edo hiru" diskoa kaleratu berri du Amorantek. Argazkia: Juxe Areta Goñi.

Tronpetak, ahots harmoniak, erritmo programatuak, gitarra detaile lazgarriak, pianoa, sintetizadoreak, kontrabaxu lerro dotoreak, atmosferak… Hamaika elementu nahasi eta jarioan uztartuta, oihartzun tradizionalez eta proiekzio berrizalez zipriztindutako bere soinu ezin pertsonalagoaren zazpi ale gehiago bildu ditu Iban Urizar musikariak (Elgoibar, 1975) Bat edo hiru Amoranteren disko berrian.

Duela sei urte eratutako proiektuaren hirugarren (edo lehenengo, horrekin jolasten baita diskoaren izenburuan) lan adiktiboko hogeita hiru minutu eta erdian, denetarik sartu du Urizarrek: epika (“Condor” kantuaren hasierako piano akorde eta zintzarri kolpe lazgarriak, disko irekiera aparta), Joseba Irazokiren gitarra latza, jazza (“John Cazale” piano eta tronpeta pieza ederra), pop onirikoaren izpiak (“Hezurgabeak”), hitz ilun eta inarrosleak (“Behin batian”, “Juliana” Uxue Alberdiren kolaborazioa), Aitor Etxebarriaren ekoizpen benetan dotore eta neurritsua…

Urizarrekin hitz egin dugu, Bat edo hiru disko dotore eta bihozti, soil eta sakon honetaz gehiago jakiteko irrikan.

Bat edo hiru da diskoaren izena. Zergatik?

Erraza da azaltzen. Askotan galdetzen zidaten ea lehenengo diskoa atera behar nuen, eta lehen diskoa da, bai, baina beste bi erreferentzia ere badauzkat aurretik argitaratuta.

Aurretik, EP digital bat dut, formatu fisikoan oso modu ederrean argitaratua, origami eta paper begetalarekin, baita zazpi hazbeteko binilo bat ere, eta orain Forbidden Coloursek hirugarren lan hau atera du, biniloan.

Biniloa eta digitala da, beraz, Bat edo hiru hau. Ez dago CD formatuan.

Ez, ez dago CDrik. Nik ez ditut CDak erosi eta kontsumitzen, ez bada gustatzen zaizkidan taldeei laguntzeko. Ez daukat ohiturarik CDak entzuteko.

Digitala denean, streaming bidez entzuten dut, eta bestela, fisikoan, biniloan. Horregatik atera dut bakarrik biniloan eta digitalean.

Argazkia: Juxe Areta Goñi.

Zazpi kantu bildu dituzu Bat edo hiru diskoan. Diskorako beren-beregi prestaturiko kantuak dira edo denbora honetan guztian konposatzen joan zaren kantuen bilduma da?

Bigarrena da gehiago. Estudiora joan nintzen, esku artean neukan materialarekin, eta, konturatu nintzenerako, gai baten inguruan zebiltzan zazpi kantu neuzkan. Beraz, nahiko batu eta koherente gelditu da lana, aldez aurretik pentsatuta egongo bazen bezala.

Iluntasuna darie, bai, kantu askori. Pandemia bizian ondutako lana dela pentsatuko du baten batek, baina lehenago grabatutakoa da.

Bai, iluntasunerako joerak eta tenpo geldoak hori eman dezakete aditzera, baina ez, 2019ko abenduan grabatuta dago.

Dudarik izan zenuen gero, pandemia etorritakoan, argitarapena atzeratzeko?

Hasieran, uda aurretik kaleratzea pentsatu genuen, Aste Santu bueltan edo. Gero, pandemiarekin, garbi ikusi genuen ez zela une egokia, eta denborak ere moteldu ziren, fabriketan eta.

Orduan, erabaki genuen uda ostean kaleratzea.

Zazpi kantu horiek bakarrik grabatu zenituen estudioan edo materiala kanpoan utzi duzu?

Beti gelditzen da zerbait kanpoan. Kontuan hartu, gainera, nik kantuak zuzenekoetarako sortzen ditudala, ez disko batean pentsatzen. Alderantziz egiten dut lana, ohikoarekin alderatuta.

Industriak behartu egiten zaitu, nolabait, musika euskarri fisikoan izatera, baina zuzenekorako pentsatutakoa estudiora nola eraman izaten da niretzat lanketa. Hori bai, gero estudiora heldutakoan, askatasun osoa ematen diot neure buruari. Berdin zait gero moldaketak zuzenekoetara ezin eramatea.

Ondo ezberdintzen duzu, beraz, diskorako bertsioa eta zuzenekoetakoa

Bai, erabat. Bi formatu ezberdin izanda, horrela ulertzen dut, ez dut burujanik izaten horregatik. Eta ezin badut kantu bat zuzenekora eraman, disko honetako bizpahiru kanturekin gerta litekeen bezala, ez daukat inolako arazorik.

Zuzeneko proiektu gisa jaio zen Amorante, eta bere horretan mantentzen saiatzen naiz.

Esan bezala, iluntasuna darie hitzei eta doinuei (“Frank”, “Behin batian”), eta, askotan, heriotzaren itzala ere ageri da. Zerk inspiratzen zaitu idazteko? Goibeltasunak sormena pizten du?

Bada, ni oholtza gainean sentitzen naiz bizirik. Kantuan sentitzen naiz pozik, nahiz eta kantatzen dudan hori iruditeria aldetik tristea izan. Diskoari dagokionez, kasualitate moduan ikus liteke heriotzaren presentzia edo, besterik gabe, nik erabiltzen ditudan gaiei dagokiela pentsa dezakegu.

Azken urteetan, heriotza nire bizitzan presente egon da: orain dela urte eta erdi aita joan zitzaidan, osaba Jose Mari, nire hainbat kanturen hitzen egilea, ere orain dela bi urte eta piku hil zen… Eta horrek markatu egiten du.

Kasualitatea izan daiteke, baina inoiz ez da kasualitatea izaten.

Hitzik gabeko kantu bakarrari John Cazale aktorearen izena jarri diozu. Zergatik?

Harrigarria da gizon horrena. Bost pelikula egin zituen bakarrik, eta denak dira kristorenak: The Godfather, Dog Day Afternoon, The Deer Hunter

Oso historia interesgarria du, gainera; Meryl Streepen senarra zen, eta errekonozimendu handia zuen. Minbiziarekin gaixorik zegoela “The Deer Hunter” egiteko deitu ziotenean, aseguru konpainiak ez zuen filma babestu nahi, berak parte hartzen bazuen, eta Robert De Nirok jarri zuen dirua Cazale pelikulan egon zedin. Gero, pelikula filmatu eta denbora gutxira hil zen.

Estudioan sortu zen kantu hori. Nik beste ideia bat nuen, kantu instrumental baterako, baina ez zuen funtzionatu. Pianoko lerro bat inprobisatzen hasi nintzen, eta gustatu zitzaidan gelditu zena. Tronpeta bat eta moldaketa elektroniko txiki batzuk gehitu nituen gero, eta oso pieza ederra gelditu zen.

Argazkia: Juxe Areta Goñi.

Nola osatzen dituzu kantuak? Zein tresna izaten duzu eskura konposatu nahi duzunean?

Astean hiru bat aldiz entseatzen dut zuzenekorako, eta agertokian jartzen dudan bezala izaten dut dena muntatuta. Kontzertu bat ematera joango banintz bezala hasten naiz, gauzak probatzen, harmoniumarekin edo ez dakit zerekin.

Zuzenekorako sortzen dudanez, zuzenean erabiltzen ditudan tresnekin aritzen naiz.

Hori bai, hitzetatik abiatzen naiz beti. Beste musika proiektu batzuetan alderantziz egin izan nuen, melodiak egin eta hitzak altxatzen saiatuta, eta uste dut emaitzan sumatzen dela, oro har.

Fonetika anglo batetik abiatuta konposatzen dugunean, “guatxuguei” hizkuntza asmatuan, euskarazko hitzak bertan sartzea kostatu egiten da, eta emaitzan igarri egiten da. Horregatik, konposizioa hitzetatik abiatzen saiatu naiz hasieratik, eta horrela jarraitzen dut.

Horrek erraz jartzen dizu, disko honetan egin duzun bezala, letragile bati hitzak eskatzea. Uxue Alberdiri, esaterako, ez zenion inolako mugarik jarriko “Juliana” kantuaren hitzak egiteko.

Hori da. Kasu honetan, Esclavos y traficantes Jose Antonio Azpiazuren liburua irakurri nuen, eta bertan kontatzen da euskaldunak esklabistak izan ginenekoa, pertsonak salerosten nola ibili ginen.

Episodio horietako bat Donostiako Trinitate plazan gertatu zen, XVII. mendean. Uxueri pasarte horretaz hitz egin nion, eta oso letra eder bat egin zidan emakume esklabo baten ahotsetik.

Hitz horiei, gainera, oso jantzi sotila jarri diezu, gitarra soilaz

Bai, kanturik biluziena da, besteekin alderatuta. Aukera zentzudunena iruditzen zitzaidan. Milaka moldaketa posible entzuten nituen eta entzuten ditut oraindik, haizeak, koroak… Baina gitarra eta ahotsa bakarrik erabili nituen hitzak jaso nituenean, eta horrela gelditu da.

Kontrastean irabazten duela iruditzen zait, gainera.

Noiz ematen dituzu kantuak amaitutzat? Zuzenekorako konposatzen duzunez gero, askeago jokatzen duzu behin betiko bertsioa ixteko orduan?

Bai, baliteke. Ez daukat ideia finkorik horren inguruan.

Egia da grabatzeak buruhauste asko ematen dizkidala, mentalak zein ekonomikoak, baina, horrez gain, askotan gertatzen da gaur egiten duzun zerbait zoragarria iruditzea eta biharamunean entzunda kaka hutsa dela pentsatzea. Horrela da.

Orduan, moldaketei dagokienez, grabatzeko unean aukeratzen ditut. Momentuan funtzionatzen badu, aurrera. Nahiko intuitiboa naiz, zentzu horretan.

Argazkia: Juxe Areta Goñi

Dinamikekin ez ezik, sakontasunarekin, atmosferekin, ere jokatzen duzu musikan, eta hori ez da horren ohikoa pop edo rock musikara ohituta dagoen entzulearentzat. Formazio klasikoari edo entzuten duzun musikari egozten diozu?

Uste dut denaren nahasketa dela. Azkenean, kontuan hartu zortzi urterekin hasi nintzela tronpeta jotzen, eta nire formazio klasikoarekin dena jo dudala: metal boskoteak, ezkontzak, orkestrak, operak, herriko bandan jotzen dut 12 urte nituenetik…

Horri gehitzen badiozu musika ezberdin asko entzun dudala, nahitaezkoa da. Gustatzen zaizkit moldaketak, kapak, atmosferak… Musika esperimentalaren jarraitzaile handia naiz, inprobisazio askea egin dut…

Ni ez naiz rock kantari bat. Egin nuen saiakera bat, folk-rock talde bateko buru gisa, ingelesez, eta arrotz samar sentitzen nintzen. Gainera, uste dut gaur egun ez dagoela mugarik musika akademikoaren eta popularraren artean. Paganiniren pieza bat kalean ikus dezakezu, edo Londresko Orkestra Sinfonikoko musikariak metroan jotzen.

Entzule bezala, musikarien irudiaren egungo mediatizaziotik haratago, dena dago irekita.

Forbidden Colours Aitor Etxebarriaren diskoetxeak kaleratu du diskoa. Zer babes aurkitu duzu beraiengan?

Azkenean, erabaki logikoa izan da. Forbidden Coloursekin atera behar nuela pentsatu aurretik, banekien Aitorrekin lan egin nahi nuela, eta gero, berarekin lan egiten ari nintzela, bera Forbidden Coloursekin argitaratzeko prest agertu zen. Proposamena gustatu zitzaidan, eta nahiko erraza izan da.

Emaitzari begiratuta, oso pozik nago biniloa nola gelditu den ikusita. Sotila da, eta oso ondo doa barruan daukanarekin. La Caja de Tipos enpresako lagunek egin didate, Ander Sanchezek eta Maria Saezek, eta kristoren lana da.

Oso pozik nago diskoan parte hartu duten guztiek emandakoarekin, Mariano Hurtado (kontrabaxua) eta Joseba Irazoki (gitarra) ere aritu dira eta. Oso disko minimalista da, elementu aldetik, baina ekarpen eta detaile txiki guztiak oso garrantzitsuak dira niretzat. Superpozik nago.

Zer asmo dituzu orain diskoa aurkezteko?

Oraintxe bizitzen ari garenarekin, etorkizuna ez dago oso argi, baina nik badauzkat kontzertu batzuk, halere.

Agian formatuagatik edo nire musikaren izaeragatik, errazago sartzen omen da eserita ikus daitekeen emanaldi bat. Gainera, nire kontzertuetan pertsona bakarra dago agertoki gainean, eta programatzaileentzat errazagoa dela dirudi.

AMORANTE ZUZENEAN

Urriak 22. Arrasate (Kooltur ekintzak)

Urriak 23. Iruñea (Katakrak) / URTARRILAREN 8RA ATZERATUTA

Urriak 30. Elgoibar (Herriko  Antzokia)

Urriak 31. Gasteiz (Jimmy Jazz)

Azaroak 6. Azpeitia (San Agustin)

Azaroak 8. Aretxabaleta (Arkupe)

Azaroak 16. Alacant (Las Cigarreras)