Itxi

Musika

Heriotza

Boni, Barricada taldeko gitarrista eta abeslaria, zendu da

N.V. | EiTB Media

Javier Hernández taldearen hasieratik bukaerara arte izan zen Barricadako kide, eta bakarkako hiru disko argitaratu zituen. 58 urte zituen.

  • Boni

    Javier Hernandez "Boni"k 58 urte zituen

Javier Hernandez "Boni", Barricada nafar taldeko gitarrista eta abeslaria, gaur, urtarrilak 8, zendu da, 58 urte zituela, familiak ohar batean zabaldu duenez.

Barricada taldeko kide 1982. urtean sortu zenetik 2013.ean taldea amaitutzat eman zuten arte, 2018an bakarkako bira bat bertan behera utzi behar izan zuen Bonik, laringeko minbizia zuela eta. Urte horretako ekainean, ebakuntza batean, hainbat eta hainbat belaunaldik hunkituta entzun duten ahotsa galdu zuen, besteak beste “No hay tregua”, “Rojo”, “Abrir y cerrar”, “Pasión por el ruido” eta “Por la libertad” kantuetan entzun den eta betiko entzungo den boza.

Boni 2010ean Londresen, eitb.eus-entzat egindako bideo batean, Barricadak "Abrir y cerrar" jo aurretik

Barricada

Barricada, gaztelaniaz kantatutako rockaren inoizko talderik garrantzitsuenetako bat, 1982an munduratu zen Txantrea Iruñeko auzoan, Enrique Villarreal Drogas-ek eta Javier Hernandez Boni-k gidatuta. “Noche de rock & roll” diskoa izan zen berezkoa zuten rock kaletarreko lehen lana.

Mikel Astrain bateriaren heriotzaren ondoren Fernando Coronadok partxeen bestaldean haren tokia hartuta eta Alfredo Piedrafita gitarrista taldera batuta, laukoteak ospe eta prestigio handiko urteak bizi izan zituen, besteak beste “Barrio conflictivo” (1985), “No hay tregua” (1987) eta “Por instinto” (1991) platinozko diskoari esker, Espainiako Estatu osoan pabiloiak bete eta bete.

Inoiz kantu onak egiteari utzi gabe disko esperimentalago batzuk argitaratu eta gero, taldearen amaiera zakar baten aurretik, laukoteak “La tierra está sorda” (2009) memoria historikoari buruzko disko hunkigarri eta ezinbestekoa utzi zuen, ordurako baterian Ibon Sagarna Ibi zuela.

“Peligroso animal de compañía”

Barricadatik kanpo, Bonik “Peligroso animal de compañía” bakarkako diskoa argitaratu zuen 1992an, taldeak atseden txiki bat hartu zuela baliatuta. Behin taldearen ibilbidea amaitutakoan, “Incandescente” (2015) eta “Réquiem por el mundo” (2018) diskoak argitaratu zituen.

Enrique Villarreal eta Alfredo Piedrafita kideek hunkituta agurtu dute Boni. Ondare infinitua utzi du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena