Itxi

Musika

20-21 denboraldia

Euskadiko Orkestrak Mozart eta Sibeliusen eskutik ekingo dio berriz denboraldiari

N. V. | EiTB Media

Denboraldi honetan lehenengoz, orkestra Iruñera iritsiko da Robert Treviñok zuzenduko duen kontzertu sorta honetan.

  • Robert Treviño eta Euskadiko Orkestra

    Robert Treviño, Euskadiko Orkestra zuzentzen

Ostiral honetatik, urtarrilak 15, hurrengo asteko ostiralera arte, urtarrilak 22, Euskadiko Orkestrak kontzertu programa berria eskainiko du. Gainera, Iruñeko Baluarte auditoriumeko jarduera berreskuratuko du, urriaren 1ean bertan denboraldia inauguratu zuenetik ezin izan baita itzuli, covid-19arekin lotutako murrizketen ondorioz.

Kontzertu-programa honetako bakarlari gonbidatuak, Behzod Abduraimov pianistak, ez du azkenean bertaratzerik izango, eta, ondorioz, Euskadiko Orkestrak saio bakoitzeko programen lehen zatia aldatu behar izan du. Hartara, Wolfgang Amadeus Mozarten heldutasuneko bi sinfonia interpretatuko dituzte: 36. eta 41. sinfoniak.

Kontzertuen bigarren zatian, Jean Sibeliusen bi sinfonia entzun ahal izango dira, Robert Treviñok, denboraldi honetako gai nagusia Erromantizismoa dela eta, hala aukeratuta. 3. Sinfonia eta 4. Sinfonia izango dira.

Guztira, hamabi saio eskainiko dituzte, egungo murrizketak kontuan hartuta ezingo bailitzaieke, bestela, abonatu guztiei sarbidea eman. Sei Donostiako Kursaal Auditoriumean egingo dituzte, urtarrilaren 15, 18 eta 21ean (17:30ean eta 19:30ean); bi Bilboko Euskalduna Jauregian, hilaren 16an (17:00 eta 19:30); bi Iruñeko Baluarte Auditoriumean, hilaren 19an (18:00 eta 20:15); eta beste bi Gasteizko Principal Antzokian, 22an (17:30 eta 19:30).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena