Musika
The Boss
Bruce Springsteen gurean dago jada
Larunbatean izango da Anoetan, eta oraindik sarrerak daude ohiko saltokietan eskuragarri.


Bruce Springsteen gure artean dago jada. The Boss Biarritzeko aireportura heldu da jada bere hegazkin pribatuan. Atzo Berlinen aritu ostean etorri da gurera. Kontzertua larunbatean izango da, Anoetan, 21:00etan, eta bere hamazazpigarren lana aurkeztuko du bertan: "Wreckin Ball". Zuzenekoa ikusteko sarrerak daude oraindik ohiko saltokietan.
Aurretik ere izan da The Boss Gipuzkoako hiriburuan. 2008ko udan leku berean eskaini zuen kontzertua, eta Maria Cristina hotel ezaguna hautatu zuen kuartel nagusi moduan Penintsulan egin zuen birarako. Asko gustatu omen zitzaion Donostia, eta "itzuli egingo naiz" esan zuen alde egin aurretik. Esan eta egin. Larunbatean berriro izango da gurean.
Dagoeneko agortuta dauden sarrera bakarrak 'erreserbatutako eserlekuak' dira; 83,40 euroan saldu dituzte. Besteak Ticketmaster.com webgunean, 902 150 025 telefonoan, FNAC eta Carrefour dendetan, eta Ticketmaster sarearen salmenta-toki ofizialetan daude eskuragarri, 65 eta 93,60 euro artean.
Sevillan hasi zuen bira, eta Bartzelonan ere aritu zen. Donostian izango da larunbatean, eta, Espainiako bira bukatzeko, Madrilen arituko da, ekainaren 17an.