Itxi

Musika

53. edizioa

Tolosako Abesbatza Lehiaketak haur abesbatzen lehiaketa berreskuratuko du

EITB Media

Stuttgart Mammerchor alemaniar abesbatzak abiatuko du 53. edizioa gaur, ostegunarekin, eta asteartean ezagutaraziko dira lehiaketako irabazleak.

  • Tolosako Abesbatza Lehiaketa

    Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Gaur, urriak 28, hasi eta azaroaren 1era arte, abesbatzen doinuak izango dira nagusi Tolosan: "Tolosako Abesbatza Lehiaketaren 53. edizioa egingo dute, gogo handiz eta egitarau zabalarekin".

Bost urtean lehenengoz, gainera, haur abesbatzen lehiaketa berreskuratuko dute: sei taldek esku hartuko dute kategoria horretan, eta beste hamaika entzungo dira Ganbara Abesbatzen atalean.

Xabier Ormazabal topaketaren zuzendariordeak Euskadi Irratiari esan dionez, pandemiaren ondorioz ez da Asiako herrialderik izango, eta gerrak ere eragina izango du: ez da Errusiako talderik iritsiko, baina Ukrainako abesbatzak bai izango dira Tolosan.

Asteartean ezagutuko dira lehiaketako irabazleak, eta saria emateko ekitaldia egingo da. eitb.eus-en jarraitu ahalko da kontzertu hori 11:30etik aurrera. Gero, 19:00etan, Byu Singers taldeak kontzertua eskainiko du San Frantzisko elizan.

Ohiko gisara, Gipuzkoako hainbat herritan eta Gipuzkoatik kanpo ere iritsiko da abesbatzen presentzia, eta nobedadeen artean dago astelehenean Santa Klara elizan, KUP euskal abesbatzak emango duen kontzertua.