Itxi

Musika

Musikala

"Bretxa" musikala estreinatuko dute Donostian

N. V. | EITB Media

Urtarrilaren 13, 14 eta 15 Oihan Vega eta Valen Moñux zuzendariek "Bretxa" Toti Martinez de Lezearen eleberriaren egokitzapena taularatuko dute Victoria Eugenia antzokian.

  • 150 artista igoko dira oholtzara "Bretxa"

    150 artista igoko dira oholtzara "Bretxa"

Bergara Antzerki Musikala elkarteak "Bretxa" Toti Martinez de Lezearen eleberrian oinarritutako ikuskizun musikala estreinatuko du asteburu honetan, ostiral, larunbat eta igandean, Victoria Eugenia Donostiako antzokian.

30 musikarik osatutako orkestra bat, bi abesbatza, dantzari talde bat eta proiekzioak erabiliz, 1813ko Donostiako sarraskia kontatuko dute Oihan Vegak eta Valen Moñuxek zuzenduriko ikuskizunean. 150 bat pertsona igoko dira oholtzara.   

Victoria Eugenian asteburu honetan egingo dituzten hiru saioetarako sarrerak agortuta daude, baina arduradunek azaldu dute ikuskizunarekin bira egiteko asmoa dutela.

Toti Martínez de Lezea jatorrizko eleberriaren idazleak azaldu duenez, "niregana etorri zirenean proiektu erraldoi hau azaltzera, esan nien burutik jota zaudete, eta nire etxean, eroak, ongietorriak dira".

1813an ezarrita dago kontakizuna: ejerzitu aliatuak (Ingalaterra, Espainia eta Portugal) Donostia inguratu du, frantziarrak kanporatzeko asmoz. Hiritar askok euren etxetik ihes egin dute, baina Maritxu bere negozioa zaintzen geratu da Marina alabarekin batera. Erabaki hori larrutik ordainduko du, ordea. Izan ere, ejerzitu aliatua Donostian sartuko da, eta orduan...

180 minutuko ikuskizuna prestatu dute. EITBk grabatu egingo du, eta abuztuaren 31n ikusi ahalko da telebistan.