Musika
Bitxikeria
Nor da Gaztambideren hobian dagoena? Norenak dira takoidun zapata gorriak?
eitb media
Tuterako Udalak musikariaren hilobia irekitzeko baimena eman du DNA lagin bat hartu eta gorpua norena den argitzeko, barruan emakume bat dagoela uste baitute.
Joquin Gaztambide musikagile nafarraren hilobiko enigma argitzear dago.
1870ean hil zen musikaria Madrilen. 1921ean bere zerraldoa Tuterara eraman zuten, goi mailako omenaldi baten ostean. Urte batzuk geroago, 1955ean, hilobia ireki zuten, eta zer aurkituko, eta emakume batena dirudien gorpua eta takoidun zapata gorri batzuk aurkitu zituzten.
Hori horrela, enigma handia izan da gaurdaino nor den benetan zerraldoaren barruan dagoena. Argitzeko, Tuterako Udalak hilobia irekitzeko eta bertatik DNA lagin bat hartzeko baimena eman du. Lagin hori musikariaren birbiloba batenarekin alderatuko dute.
Zarzuela ezagunen sortzaileak gibeleko gaitzak jota hil zen, eta bere gibela Madrilgo Arkeologia Museoan dago gordeta. Hain zuzen ere, gibel handia omen da, bere gorpuzkeraren antzera, baina aurkitutako gorpuak emakume zahar txiki batena omen dirudi.
Oscar Salvoch musikari eta Gaztambideren obran adituak esan du historia liburuen arabera Gaztambide "pertsona altu eta handia" zela, hilobian aurkitutako gorpua ez bezala.
Naiara Lizarraga teknikariak, bestalde, esan du orain ikusteko dagoela zein izango den gorpuaren egoera eta hortik ateratzen duten DNA lagina, zeren Gerra Zibileko aztarnak lantzen dituztenean batzuetan ez dute emaitzarik lortzen.