Itxi

Musika

Jazz

Larry Carltonek hasiera emango dio Getxoko 36. Jazzaldiari

Wayne Shorter, Eliane Elias, Mike Stern eta Richard Bonaren banda eta China Moses abeslaria ariko dira asteburuan Bizkaiko udalerrian eta Carlton kaliforniarrak emango dio hasiera gauean.

  • Getxoko 36. Jazzaldiko arduradunak. Argazkia: EITB

    Getxoko 36. Jazzaldiko arduradunak. Argazkia: EITB

Igandera bitartean egingo duten Getxoko 36. Jazzaldia. Wayne Shorter saxo-jotzailea eta Eliane Elias piano-jotzailea dira aurtengo protagonista nagusiak. Larry Carlton, Mike Stern eta Richard Bonaren banda, eta China Moses dira programazioa osatuko duten gainontzeko musikariak.

Jaialdiaren lehenengo egunean, uztailaren 4an, Larry Carlton (1948, Torrance, Kalifornia, AEB) arituko da. Jazz eszenako gitarra-jotzaile handienetariko bat da eta Grammy sarietarako 19 izendapen lortu ditu, lau sari irabazita.

Uztailaren 5ean, China Moses (1978, Los Angeles, Kalifornia, AEB) ariko da, etorkizun handiko abeslari gaztea. Dee Dee Bridgewater abeslari handia du ama eta horren eragina ezinbestekoa izan du. Raphaël Lemmonier piano-jotzailearekin ariko da eta, besteak beste, "This One Is For Dinah" Dinah Washington omenezko diskoaren kantak interpretatuko ditu.

Wayne Shorter (1933, Newark, New Jersey, AEB) uztailaren 6an iritsiko da Getxora. Egungo jazzaren mitoa eta trebezi handiko inprobisatzailea da. Bere jarduera Manhattaneko klubetan hasi zuen eta laster hasi zen artista ospetsuekin jotzen: Miles Davis handia, John Coltrane, Sonny Rollins, Art Blakey, Joe Zawinul (azken honekin Weather Report talde ospetsua sortu zuen).

Uztailaren 7an, jazz fusion eta world music izango dira nagusi Getxon, Mike Stern (1953, Boston, AEB) gitarra-jotzailearen eta Richard Bona (1967, Minta, Kamerun) baxu-jotzailearen eskutik.

Azkenik, uztailaren 8an, Eliane Elias (1960, Sao Paulo, Brasil) piano-jotzaile, abeslari eta konpositorearen hirukoteak amaituko du Getxoko aurtengo jazzaldia.