Itxi

Musika

Genero arrakala

Hamar musikaritik zortzi gizonak izan ziren EAEko iazko kontzertuetan

Natxo Velez | EITB Media

Kulturaren Euskal Behatokiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2022ko egindako kontzertuetan eta argitaratutako diskoetan gizon-emakumeek izandako presentzia aztertu du; diskoetako interprete guztien % 89,1 gizonak dira.

  • Zuzeneko musika eta grabatutako azteratu ditu Kulturaren Euskal Behatokiak

    Zuzeneko musika eta grabatutako azteratu ditu Kulturaren Euskal Behatokiak

Euskal Autonomia Erkidegoko musikan, nola zuzenekoetan hala diskogintzan, gizonak dira nagusi argi eta garbi, Kulturaren Euskal Behatokiak egindako azterlan batek argiro erakutsi duenez.

Behatokiak 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean EAEn izandako musika ekitaldiak (385 ekitalditan izandako 486 emanaldiko lagina) eta urte horretan EAEko musika formazioek argitaratutako diskoak (122 diskoko lagina) aztertu ditu, Kulturklik agenda eta datu basea baliatuta, berorietan gizon-emakumeek izandako parte-hartzea neurtzeko.

Datuak esanguratsuak dira oso. Zuzenekoetatik hasita, 2022an Euskal Autonomia Erkidegoan izandako kontzertuetan (jaialdiak kanpoan utzi dituzte, ezaugarri bereziak dituztelako) agertokira igo ziren pertsonen % 81,4 gizonak eta % 18,6 emakumeak dira.

10 musika taldetik sei gizonez soilik zegoen osatuta, eta bakarra zen emakumez bakarrik osatutakoa; talde mistoetan ere, gainera, emakumeak gutxiengo ziren (% 31).

Musika grabatua

Euskarrian grabatutako musikari dagokionez, iaz EAEn argitaratutako diskoei begira, nagusitasun are handiagoa dute gizonek; berorietan jo zuten interpreteen % 89,1 gizonak dira, eta % 10,9 emakumeak.

Taldeen osaerari begiratuta, hirutik lau gizonek soilik osatzen dituzte, % 6 emakumeek bakarrik eta % 17,8 mistoak dira. Misto diren horien artean, azkenik, taldekideen % 30,4 dira emakumeak.

Hizkuntza

Genero arrakala aztertu du ikerlanak nagusiki, baina hizkuntzari buruzko jakingarri batzuk ere atera ahal dira testutik. Euskara izan zen EAEn 2022an egindako kontzertuetan gehien entzun zen hizkuntza, gaztelaniaren aurretik. Deigarria da emakumez bakarrik osatutako formazioek apur bat gehiago erabiltzen dutela euskara, batez beste.

Diskoei dagokienez, emakumez soilik osatutako formazioek argitaratutako 4 diskotik 3 euskaraz dira, eta gizonez bakarrik osatutako formazioen kasuan hizkuntza aniztasuna apur bat handiagoa da: % 43 euskaraz, % 18 gaztelaniaz...