Itxi

Musika

Abuztuak 1-30

Jose Zugastik sortu du Donostiako 85. Musika Hamabostaldiko kartela

N. V. | EITB Media

Abuztuaren 1etik 30era egingo dute musika jaialdia. "Orkestra-zuzendariak batutarekin espazioan musika marrazten duen bezala, pinturaren formak betea denaren izaeratik askatzeko borrokatzen dira", esan du Zugastik margolanari buruz.

  • Musika Hamabostaldia

    Musika Hamabostaldia

Jose Zugasti margolari eta eskultorea (Eibar, 1952) da 85. Musika Hamabostaldiaren kartelaren egilea. 2024ko abuztuaren 1etik 30era bitartean egingo dute musika klasikoko jaialdia, Donostian nagusiki eta Euskal Herriko beste hainbat udalerritan.

Artista eibartarra pinturatik abiatu eta eskulturara igaro zen, eta azken urteotan pintura lantzera bueltatu eta, horrez gain bideogintzan murgildu da.

Bere obrari dagokionez, hein handi batean, "Eibarri, jaioterri duen hiri industrialari zor dio Jose Zugastik bere berezitasun estetikoa", Hamabostalditik ohar batean azaldu dutenez: "Betea denaren irudikapen bisuala, gorputzen hauskortasuna eta ezegonkortasuna funtsezko ideiak dira bere lanen garapenean".

"Orkestra-zuzendari batek bere batutarekin espazioan musika marrazten duen bezala, formak, kasu honetan pinturarenak, betea denaren izaeratik askatzeko borrokatzen dira, espazioan askotariko doinuak marraztuta, lasaitasunaren eta agresibitatearen arteko hegaldiak, baxu eta altuak, naturaren izaera anitza irudikatuta", azaldu du Zugastik bere lanari buruz.

Musikari buruz, berriz, hau esan du Zugaztik: "Batzuetan, jeloskor sentiarazten nau. Transmititzeko gaitasun gertuagokoa du bisuala denak baino, edo hori da behintzat niri iruditzen zaidana, edo eragiten didana. Hainbesteko emozioak eragiten dizkit… Nahiko nuke neuk ere bisualki horrenbesteko emozioak eragiteko gaitasuna izatea!".

Jose Zugastik baino lehenago, Musika Hamabostaldiaren kartelak diseinatu dituzte, besteak beste, Eduardo Chillidak, Agustin Ibarrolak, Cristina Iglesiasek, Vicente Ameztoyk, Jose Luis Zumetak, Marta Cárdenasek, Nestor Basterretxeak, Jose Antonio Sistiagak, Ivan Zuluetak, Mikel Urmenetak, Cállate la bocak, Esther Ferrerrek, Koldobika Jáureguik, Jesus Mª Lazkanok, Elena Odriozolak, Juan Luis Goenagak, Itziar Okarizek, Pello Irazuk, Ibon Aramberrik eta Txomin Badiolak.