Itxi

Musika

47. edizioa

Chucho Valdesek Irakere taldea omenduko du Gasteizko jazzaldian

N. V. | EITB Media

Kubatar musikaria eta Pablo Martín Caminero gasteiztar kontrabaxu-jotzailea dira Gasteizko jaialdiak bere 47. ediziorako iragarri dituen lehen bi musikariak. Uztailaren 17an joko du Martín Caminerok, eta 20an Valdesek, Mendizorrotzan.

  • Chucho Valdesek uztailaren 20an joko du Mendizorrotzan. Argazkia: Innercat.

    Chucho Valdesek uztailaren 20an joko du Mendizorrotzan. Argazkia: Innercat.

Chucho Valdés eta Pablo Martín Caminero Gasteizko jazz jaialdiaren 47. edizioan izango dira, jazzaldiak gaur iragarri duenez. Uztailaren 20an, Valdes pianistak Irakere taldearen omenezko kontzertua egingo du, eta lehenago, hilaren 17an, Martín Caminero kontrabaxu-jotzaileak joko du, big band batek lagunduta.

50 urte dira Chucho Valdesek, jazza, rocka, musika klasikoa eta Kubako herri erritmoak uztartuta, Irakere sortu zuenetik, musika afrokubatarra irauli zuen taldea.

82 urte dituela, Valdesek talde horretako musikarietako batzuk bildu ditu Kubako bandaren omenaldi honetan: José A. Golak (baxu elektrikoa eta akustikoa), Horacio Hernándezek (bateria), Roberto Jr, Vizcaino Torre (perkusioa), Eddie de Armas Jr. (tronpeta), Osvaldo Fleites (tronpeta), Luis Beltrán (saxofoia), Carlos Averhoff Jr. (saxofoia) eta Ramón Alvarez.

Kubako musikaren jai horren aurretik, uztailaren 17an, Pablo Martín Caminerok proiektu esklusiboa aurkeztuko du, big band batekin batera. NDR Bigband Hanburgoko irrati publikoaren jazz talde bat da, 17 kidez osatua, eta horiei bakarlari gonbidatuak gehitzen zaizkie, hala nola Pablo Martín Camineroren hirukotea, Moisés Sánchez eta Borja Barruetarekin batera.