Itxi

Musika

Ekainak 28-30

Su Ta Gar, Süne, Pelax eta Janus Lester batu ditu EHZk kartelera

N. V. | EITB Media

Lehen aldiz Arberatze herrian egingo duten jaialdiak talde gehiago batu ditu kartelera. Hiru eguneko abonuak salgai daude 51,50 euroan, eta eguneko txartelak maiatzaren 6an jarriko dituzte salgai, programazio osoa iragarritakoan.

  • Su Ta Gar. Argazkia: Galder Izagirre.

    Su Ta Gar. Argazkia: Galder Izagirre.

EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiak talde eta bakarlari gehiago batu ditu bere aurtengo edizioaren kartelera. Su Ta Gar, Süne, Auhen, Pelax, Old School Funky Family, Rüdiger, Janus Lester eta Octopussy agertoki gainean izango dira ekainaren 28, 29 eta 30ean, lehen aldiz Arberatze herrian egingo duten festibalean.

Lehendik iragarrita zeuden talde eta bakarlariei batuko zaizkie horiek: Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata, Vincen Garcia baxu-jotzailea eta Eesah Yasuke.

Urtero bezala, gainera, hainbat ikusgarriz gozatu ahalko da Arberatzeko plazan, urririk, besteak beste Euskabaret eta Zenzero e Cannella Cie ZeC dantza taldearen ikuskizuna.

Maiatzaren 6an iragarriko dute antolatzaileek kultura programazio osoa, mintzaldi eta mahai-inguruen egitaraua barne. Halaber, maiatzean bertan jarriko da nahi duen ororen eskura laguntzaile izateko formularioa.

Arrosan, Idauze-Mendin, Heletan, Lekornen eta, azken urteetan, Irisarrin ospatu eta gero, aurten Arberatzen izango da lehenengoz Euskal Herria Zuzenean.

Gaurtik aurrera, hiru eguneko bonuak 51,50 euroan daude salgai ehz.eus webgunean, maiatzaren 5a arte (60 euroko prezioa izango dute hortik aurrera). Egunez eguneko txartelak maiatzaren 6tik aurrera jarriko dituzte salgai, egitarau osoa iragarritakoan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika
  • Kultura