Itxi

Musika

Sariak

Izarok irabazi du euskarazko disko onenaren MIN saria

N. V. | EITB Media

Bizkaitar kantaria Amoranteri, Bulegori, Ezpalaki eta Zetaki gailendu zitzaien atal horretan Zaragozan, musika independentearen espainiar sarietan.  

  • Izaro bart, MIN sarien galan. Argazkia: Efe.

    Izaro bart, MIN sarien galan. Argazkia: Efe.

MIN Espainiako musika independentearen sarien hamaseigarren edizioaren gala egin dute bart Zaragozan, eta Izarok irabazi du euskarazko disko onenaren saria, cerodenero bere azken lanari esker.

Bizkaitar musikariak Zaharari eskaini dio saria, hizkuntza horretan diskoak ateratzea eta, are gehiago, "Euskal Herrian euskaraz bizitzea" zaila den garai batean. "Azkenaldian oso gauza arriskutsuak ari naiz entzuten gure hizkuntzaren inguruan, eta esan nahi nuen gure eskubidea dela gure berezko hizkuntzan hitz egitea", aldarrikatu du.

Izendapenean kide izan ditu Amorante (Harri herri har), Bulego (Aldatu aurretik), Ezpalak (Lagunekin zuzenean) eta Zetak (Aaztiyen).

Casa linda lanagatik 2023ko diskorik onenaren eta rock disko onenaren sariak lortuta, Cala Vento kataluniar bikoak arrakasta handia erdietsi du bart ospatutako galan, eta beste irabazle batzuk izan dira Baiuca eta Alba Reche (abestirik onena), Valeria Castro (artista berri onena eta sustraietako musikako disko onena), Sufjan Stevens (nazioarteko artista), Morgan (zuzeneko onena), La La Love You (bideoklip onena) eta Ginebras (jatorrizko hitz onenak).

Gorka Urbizuren kolaborazioa du Cala Ventok "Passar pantalla" "Casa linda" diskoko kantuak

Izendatuta zeuden beste euskal talde eta bakarlari batzuk sari gabe gelditu dira, hala nola Chica Sobresalto, Belako eta Ben Yart.