Itxi

Musika

Abenduaren 21erako

Minutu batean saldu dituzte Fermin Muguruzaren Bilboko bigarren emanaldiko 8.000 sarrerak

N. V. | EITB Media

Irundar musikariak iragarri zuen lehen gaualdirako txartel guztiak ordu gutxian saldu eta gero, bigarren kontzerturako sarrerak minutu batean bukatu dira.

  • Fermin Muguruza. Argazkia: Stephanie Cousin

    Fermin Muguruza. Argazkia: Stephanie Cousin

Fermin Muguruzak minutu batean saldu ditu Bilbon, Miribillako Bilbao Arena pabilioian, eskainiko duen bigarren kontzerturako 8.000 sarrerak. Bilbon emango duen bigarren kontzertua izango da hori, bezperan ere joko baitu musikariak agertoki berean.

Muguruzak eskerrak eman dizkie txartel bat erosi ahal izan duten 16.000 lagunei, eta iragarri du hasi dela pentsatzen "2025ean ere zerbait egin dezakegun sarrerak lortu ez dituztenak asetzeko".

Abenduko emanaldietan, Fermin Muguruzak azken lau hamarkadetan eginiko bidea ekarriko du gogora, Kortatu eta Negu Gorriaken hastapenetatik bakarkako lan berrienetara arteko ibilbidearekin. Bi kontzertuok, halaber, "ikuskizun soil bat baino gehiago" izango direla nabarmendu du Muguruzak: "Zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut", adierazi du.

Berrogei urte dira Kortatu sortu zenetik, 34 Negu Gorriakek bere bidea abiatu zuenetik eta hamaika urte Fermin Muguruzak azkenekoz kontzertu bat eman zuenetik.