Itxi

Musika

11 saridun

Hamaika musika talde eta musikariren lana goraipatu dute Musika Bulegoa sariek

N. V. | EITB Media

Bas(h)oan, BilbaoSinfonietta, Ibil Bedi, Izaro, Janus Lester, Rüdiger, Zetak, "Irati" filmaren soinu banda, Euskal Barrokensemble, Gor diskoetxea eta ESAS elkartea izan dira saridunak, Iruñean egindako ekitaldian.

  • Gor Diskak, Ohorezko saria

    Gor Diskak, Ohorezko saria. Argazkia: EITB

Euskal Herriko Musika Bulegoak duela zortzi urte abiatu zuen sari banaketaren aurtengo ekitaldia egin du Iruñean, Zentral aretoan. Ehun bat gonbidaturen aurrean, hamaika saridunek beren sariak jaso dituzte: Bas(h)oan, BilbaoSinfonietta, Ibil Bedi, Izaro, Janus Lester, Rüdiger, Zetak, Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Calleja Irati filmaren soinu bandaren egileak, Euskal Barrokensemble (Etxepare Musika Saria), Gor Diskak (EHMBE Ohorezko Saria) eta ESAS (Publikoaren Saria).

Ohorezko Sariaren eta Publikoaren Sariaren irabazleek izan ezik, gainerako bederatzi sarien irabazleek 2.000 euroko diru saria eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bat jasoko dituzte.

Sariak nori eman erabakitzeko, zortzi laguneko epaimahai batek 120 proposamen aztertu ditu. Pertsona hauek osatu dute epaimahaia, hain zuzen ere: Fernando Garayoa kazetaria, Idoia Hernández pianista eta konpositorea, Iñaki Lazkano programatzailea, Irene Prieto Forbbiden Colours diskoetxeko arduraduna, Koldo Sagastume soinu ingeniaria, Marina Hervás musikologoa, Olatz Salvador musikaria eta Patxi Villén Aitzina Folk jaialdiko zuzendaria eta musikaria.

Etxepare Musika Saria nori eman, berriz, Etxepare Institutuak ebatzi du, eta Euskal Barrokensambleri esleitu dio "antzinako musikaren esparruan estilo propioa lantzeaz gain, hura euskara eta euskal kulturarekin sustraitu eta munduko bestelako hizkuntza eta kulturekin uztartzeagatik".

Ohorezko Saria emateko ardura, bestalde, Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko zuzendaritza-batzordeari dagokio, eta Gor Diskak diskoetxea aukeratu dute aurtengoan. 2023an itxi zuten nafar zigiluak 300 disko baino gehiago argitaratu zituen: Berri Txarrak, Exkixu, Ken Zazpi, Su Ta Gar…

Aurtengo nobedade nagusia Publikoaren Saria izan da. Musikazaleek 50 proiektu finalisten arteko gogokoena aukeratu dute, aplikazio baten bidez, eta ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea jaso ditu boz gehien.

Ibil Bedi, Izaro eta Rüdigerren doinuak entzun ahal izan dira galan, eta Janus Lesterren kontzertu batek itxi du ekitaldia.