Musika
Elkarrizketa
Shinova: "Seguru gaude egun ahaztezina izango dela"
Natxo Velez | EITB Media
Bizkaiko taldeak lehenengoz joko du, ostegunean, Bilbao BBK Liven. "El presente" diskoa aurkezteko bira mardulean murgilduta eta eremuko agertoki nagusietako batean joko dutela, "emozioa, intentsitatea eta, esan gabe doa, errespetua" agindu dituzte.
-
Shinova. Argazkia: Daniel Fernandez.
Bizi-bizia eta arrakastatsua da Shinovaren oraina. Azken diskoak, hain zuzen ere El presente izenekoak, Bizkaiko boskotearen hedapena handitu du, eta kontzertu zerrenda amaiezina dute lotuta, Estatu osoan zein Latinoamerikan.
Berriz ere Manuel Colmenerok (Vetusta Morla, Nena Daconte...) ekoitzi dien bosgarren diskoak hauspotuta, Durangaldeko taldeak irrikaz begiratzen dio Bilboko hitzorduari (San Miguel agertokia, 19:15). Etxeko kontzertu "oso berezian", "Alas", "Berlín" zein "Gloria" kantu berriek taldearen eta publikoaren artean "berehalako konexioa" lortu dutela berretsi nahi dute, eta "Te debo una canción", "Ídolos (Los mejores momentos están por llegar)" eta "La sonrisa intacta" betiko kantu arrakastatsuen doinuak ostera ere partekatu.
Gabriel de la Rosa taldeko abeslariarekin hitz egin dugu Shinovak Bilbao BBK Liveren lehen jardunaldian eskainiko duen kontzertuaz.
El presente diskoaren bira etxera iritsi da. Nola jaso ditu publikoak zuen kantu berriak eta zelan uztartu dira errepertorioan?
Egia esan, El presente diskoko kantu batzuk ezinbestekoak dira dagoeneko gure zuzenekoetan. Diskoa martxoaren 1ean argitaratu genuen, eta biharamunean, hilaren 2an, mukuru beteta genuen Paris 15 Malagako aretoa, 24 ordu lehenago ezagutzen ez zituzten kantuak abesten.
Konexioa berehalakoa izan da.
Zein neurritan dute eragina kontzertuek eta horien nolakotasunak –zuei dagokizuenez, zorionez, publiko asko biltzen duten espazio handiak– kantuak konposatzeko lanean?
Sí que lo tenemos en cuenta, quizá porque muchas de las ideas surgieron en plena gira, con la energía de los conciertos muy presente,
Kontuan izaten dugu, bai, agian ideietako asko bira betean sortu zirelako, kontzertuen energia oso agerikoa zela.
Baina, bestalde, badira "Los días que vendrán" bezalako kantuak; oso intimoak izanagatik, zuzenean oso ondo funtzionatzen dute eta publikoak intentsitate handiz bizi ditu.
Bilbao BBK Livekoa kontzertu berezia da zuentzat, ezta? Nola egingo diozue aurre?
Hala da, oso data berezia da hainbat arrazoirengatik, eta lehenengoa da etxean dela, geure jendearengandik gertu eta hasi zenetik publiko gisa disfrutatu dugun jaialdi batean.
Gure lehenengo aldia izango da, eta seguru gaude egun ahaztezina izango dela.
Shinova. Argazkia: Daniel Fernández.
Zer da derrigorrezkoa zuentzat Shinovaren kontzertu batean?
Guretzat ezinbestekoa da emozioa, intentsitatea eta, esan gabe doa, errespetua egotea.
Ostiralean Bartzelonan joko duzue eta ezingo duzue, agian, baina aurtengo Bilbao BBK Liveko zein kontzertu ez zenukete inola ere galduko, ahal izanez gero?
Massive Attack, Derby Motoreta's Burrito Kachimba, The Prodigy, Albert Pla, Jungle, Zea Mays… Kristoren kartela da. Ezinbesteko talde asko daude.
Durangaldekoak izanik, egon zarete, seguru, jaialdiaren aurreko edizioetan. Zer oroitzapen dauzkazue Bilbao BBK Liverekin lotuta?
Denetarik bizi izan dugu BBK Liven… Gogoan dut Mark Laneganen emanaldi batean sekulako ekaitza izan zela, eta, kontzertua gelditu behar izan bazuten ere, une epiko batzuk izan ziren: Laneganen ahotsa trumoi artean, eta bera begitartea aldatu gabe, euria eta haizea gorabehera.
Zer asmo eta helburu ditu Shinovak?
Hurrengo bi urteetan diskoa aurkezten jarraituko dugu, maila nazionalean zein Latinoamerikan. Bira luzea daukagu aurretik eta oso gogotsu gaude!
*Uztailaren 25ean, Donostiako Jazzadian joko du Shinovak, Zurriolako doako kontzertuetan.