Itxi

kultura

Denboraldi berria

Arriagak 2014-2015 denboraldirako programazioa aurkeztu du

Erredakzioa

Ekoizpen propioa duen 'La viuda alegre' opereta klasikoa, 'The hole' musikala, eta 125. urtemuga, protagonista nagusiak.

  • Concha Velasco Arriagan izango da datorren denboraldian. EFE.

    Concha Velasco Arriagan izango da datorren denboraldian. EFE.

Ibone Bengoetxeak, Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak eta Arriaga Antzokiko presidente eragileak, eta Emilio Sagik, Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistikoak, 2014-2015 denboraldiko programazioa aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan. Denboraldia datorren abuztuan hasi eta 2015eko ekainera arte luzatuko da.

2015ean Arriaga Antzokiak 125 urte beteko ditu, eta urteurren hori oso ekitaldi bereziaren bitartez ospatuko da, ospakizun jardunaldi bikoitzarekin, maiatzaren 30ean eta 31n. Ospakizunaren protagonistak artistak izango dira egun batean, eta artista bilakatuko diren ikus-entzuleak, beste egunean.

Ekoizpen propioa

Ekoizpen propioaren aldeko apustua indartu egingo da datorren denboraldian. Proiektu garrantzitsuena 'La viuda alegre' izango da, 1905ean Franz Leharren musikarekin Vienan estreinatu zen opereta klasikoa eta Emilio Sagiren eszena zuzendaritzapean egingo den moldaketa berria.

Gainera, Gustavo Tambasciok zuzenduko duen 'La gaviota', Chejoven antzezlan ezaguna, ere Arriaga Antzokiaren ekoizpena izango da. Ametsa Producciones Artísticas-ekin batera landutako 'Pipi bailarina' ikuskizunean Igor Yebra eta Oxana Kucheruk ikusi ahal izango dira.

Enrique Viana tenoreak 'En tono's Rossini' ikuskizun berria aurkeztuko du. Las Txirenitas eta Las Fellini elkarrekin arituko dira 'Ópera Acción Arriaga' lanean. Eta aipamen berezia merezi du 'Casa de muñecas' lanaren muntaketak. 1879an Copenhaguen estreinatu zen Henrik Ibsenen lana.

Artista handiak

Hauek dira datozen hilabeteetan Arriaga Antzokian arituko diren artista ezagunenetako batzuk: Concha Velasco ('Olivia y Eugenio'); Blanca Portillo ('El Testamento de María' eta 'Don Juan Tenorio'); Ana Belén ('Kathie y el hipopótamo'); Ramón Barea ('Montenegro'); Pepón Nieto, Anabel Alonso eta Alejo Sauras ('El eunuco'); Carmen Machi eta Javier Gutiérrez ('Los Mácbez'); Lola Baldrich ('El principio de Arquímedes'); Amparo Larrañaga eta Antonio Molero ('El nombre'); Verónica Forqué; Joglars ('V.I.P.'); Roberto Álamo eta Sergio Peris-Mencheta ('Lluvia constante'); Anjel Alkain eta Iker Galartza ('Erdibana'); eta Vicky Peña eta Mario Gas ('Largo viaje del día hacia la noche').

Musika eta dantza ikuskizunei dagokienez eskaintza zabala izango da: Ute Lemper, SDB (Sortuko dira besteak), Dulce Pontes, Jorge Drexler, Ismael Serrano, Leiva, Sara Baras, Zuricheko Balleta, 'L'equivoco stravagante' eta 'Vanitas' operak, Nancy Fabiola Herrera sopranoa, La Terremoto de Alcorcón eta Quequé batzen dituen 'The Hole' ikuskizuna, eta Hombres G taldeari buruzko 'Marta tiene un marcapasos' musikala.