Itxi

kultura

Antzerkia

Ercilla saria Hector Alteriorentzat, bere ibilbide artistikoarengatik

Agentziak | Erredakzioa

Ostalaritza enpresak “ikuskizunen munduan eginiko ibilbide profesional osoa” hartu du aintzat ohorezko saria emateko. Aktore onenen sarien irabazleak hil amaieran iragarriko dituzte.

Hector Alterio argentinar aktoreak Ercilla saria, “ikuskizunen munduan eginiko ibilbide oso bat” aintzat hartzen duen golardoa, jasoko du, XXXII. Ercilla sarien epaimahaiak ebatzi duenez.

Ercilla kateak estreinakoz 1984an eman zituen sarien arduradunek 1929an Buenos Airesen jaiotako aktorea saritu nahi izan dute, “arte dramatikoaren munduan egin duen bideagatik”. 1948an debutatu zuen Alteriok, “Prohibido suicidarse en primavera” filmean, eta bi urte geroago Nuevo Teatro konpainia sortu zuen.

Alteriok zinema eta antzerkia tartekatu ditu, nola Argentinan hala Espainiako Estatuan. 1975etik, Espainian bizi da, 2004an Ohorezko Goya saria jaso zuen, eta 2008an Zilarrezko Kondorra. Gainera, urte horretan, "Txokolate apur bat" Aitzol Aramaioren filmean parte hartu zuen.

Bestalde, urtarril amaieran, aktore onenen Ercilla sarien irabazleen izenak iragarriko dituzte. Aktore nagusien atalean, hauek daude izendatuta: Maria Adanez, Lola Baldrich, Vicky Peña, Blanca Portillo eta Aitana Sanchez Gijon emakumeetan, eta Mario Gas, Adrian Lastra, Antonio Molero, Arturo Querejeta eta Tristan Ulloa gizonezkoetan.