kultura
Dibulgazioa
Nanoboteredun superheroi baten istorioak, idazle bila
eitb.eus
CIC Nanogune eta DIPC ikerketa zentroek nanobotereak izango dituen komiki-superheroi bat sortzeko erronka bota die 12-18 urteko gazteei.
CIC nanoGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) nanozientziako eta materialen zientziako ikerketa-zentroek nanofikziozko lehen komikia sortzea, egitea eta hedatzea proposatu dute, 2016an, Nanokomik proiektuaren bidez.
Nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean egiten diren aurrerapenek eskaintzen dituzten aukerak gizartean hedatzea eta gazteen sormena piztea du helburu proiektuak. Horretarako, sormen-prozesu libre batean murgildu nahi dituzte 12-18 urteko gazteak, nanobotereak izango dituen komiki-superheroi bat sor dezaten.
Ideia originalenak komiki profesional batean berregingo dira, eta komikia gizartean hedatuko da, argitaratu eta erakusketa ibiltari bat antolatuko baita.
Nanokomikia lau hizkuntzatan gauzatuko da —euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez—, eta nazionalitate guztietako jendeak hartu ahal izango du parte; dena dela, bereziki, Euskal Herriko eta Akitaniako gazteak erakarri nahi dira.
Nanokomik
Erronka hau izango dute gazteek: nanozientzia eta nanoteknologiari esker gaitasun eta trebezia bereziak eskuratu dituen pertsonaia bat sortzea eta komikiaren bidez hari buruzko istorio bat kontatzea. Horretarako, hainbat "nanobotereri" buruzko informazioa helaraziko zaie gazteei, eta komiki bat nola sortu azaltzen duen oinarrizko eskuliburu bat izango dute eskura webgunean. Lanak aurkezteko epea: otsailaren 1etik apirilaren 30era.