Itxi

kultura

Polemika

Kukuxumusuk Mikel Urmeneta kanporatu izana ukatu du

Agentziak | Erredakzioa

Gainera, nafar enpresak iragarri duenez, Urmeneta enpresako bazkidea da oraindik, eta haren % 33,3 du.

  • 30 langile ditu enpresak egun. Argazkia: kukuxumusu.com

    30 langile ditu enpresak egun. Argazkia: kukuxumusu.com

Kukuxumusuk Mikel Urmeneta diseinatzailea, enpresaren sortzaileetako bat, kanporatu izana ukatu du gaur, eta oraindik orain enpresako bazkidea dela eta “betiko parte-hartzea, % 33,3” duela baieztatu du, prentsa ohar batean.

Hartara, “enpresaren herena berea da oraindik, eta berea da, halaber, Kukuxumusuren egunerokotik aldentzeko duela hainbat hilabete hartu zuen erabakia”, idatziaren arabera.

Mikel Urmenetak goizean, Kukuxumusutik “baztertu” dutela eta bihar marka berri bat aurkeztuko duela jakinarazteko, kaleratutako beste ohar bati erantzun dio eguerdian konpainiak idatziaren bidez.

Kukuxumusuk horretan bildu duenez, “1989an sortu zenean bezala lanean jarraituko du enpresak. Egun, 30 pertsona baino gehiago daude bertan lanean, hainbat arlotan beren talentua, lana, esperientzia eta profesionaltasuna eskaintzen. Kukuxumusu, merkatuan bere tokia duten enpresa guztiak bezala, ez da pertsona bakarrera mugatzen, nahiz eta orain arte bere aurpegi ikusiena Mikel Urmenetarena, sortzaileetako batena, izan den”.

Markak idatzian erantsi duenez, “Kukuxumusuren jatorrian hiru bazkide sortzaileak daude, baina, ia 27 urteko bidean, aldaketak egon dira, eboluzioa, eta, marka guztiak bezala, unean uneko joeretara, gustuetara eta egoeretara egokitu da”, “Kukuxumusuren sormen unibertsoko kamiseta, pijama, termo, aterki edo kikara bakoitzaren atzean, diseinu, komunikazio, marketin, merkataritza eta kudeaketa arloetako 30 profesionalen baino gehiagoren lana dago; gainera, horietako gehienek 10 urte baino gehiago daramatzate konpainian”.

“Berak hala erabakita urrundu da”

Kukuxumusuk bidalitako oharrean irakur daitekeenez, “azken urteetan, Mikel Urmeneta Kukuxumusuren eguneroko jardunetik aldendu da, bere kabuz, zuzendaritza artistikoan zituen eginbeharretatik urrunduta, bere proiektu pertsonaletan aritu da.

Enpresaren oharra honela jarraitzen du: “Bazkide berri bat marka berpiztera sartu zen unean, 2014ko otsailean –lanpostu asko suntsitu zituen krisialdi gogor baten ondoren–, enpresa berpizteko plan bati ekin genion, haren kaudimena ziurtatze aldera. Kukuxumusuko zuzendaritzak behin eta berriz eskaini zion Mikel Urmenetari bere kontratu profesionala berriro negoziatzeko aukera, baina berak uko egin zion, horrek enpresari kalte bat ekarri badio ere. Mikel Urmenetak ez zuen ulertu nahi izan enpresa, langileak eta marka bere pertsona baino ¿¿garrantzitsuagoak direla”.

Azkenik, Kukuxumusuk “bere balioei, umoreari eta funtsari” eutsiko diela adierazi du, eta bere proposamen, proiektu, marrazki eta ideien bitartez “probokatzen, dibertitzen eta akuilatzen” jarraituko duela esanez bukatu du adierazpena.