Itxi

kultura

Antzerkia

'Maitasunaren ostean, maitasuna'rentzat, Donostia Antzerki Saria

Agentziak | Erredakzioa

Ados Teatroa konpainiaren lanak alzeheimer gaitzak jotako emakume baten ingurukoak kontatzen ditu, alde bisual oso zainduz.

“Maitasunaren ostean, maitasuna” Ados Teatroa antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak euskarazko antzerkigintza profesionala bultzatzeko asmoz antolaturiko XVI. Donostia Antzerki Saria.

Epaimahaiaren aburuz, Garbi Losadak zuzendu eta Ane Gabarain, Dorleta Urretabizkaia eta Sara Cozar aktoreek antzeztu duten antzezlana, zeinak Dora Salazarren lan plastikoa agertzen duen, “lan bereziki poetiko eta zirraragarria da”, alzheimerraren gaia “abilezia handiz” lantzen duena. Aurora matematika irakasle erretiratuaren bizipenak kontatzen ditu lanak, bere gaixotasunaren argi-ilunetan bizi den protahonista buru-argi eta ironikoaren historia.

Saria emateko argudioak biltzen dituen testuak, gainera, proposamen “oso erakargarria” dela azpimarratzen du, “ekintza Dora Salazarren margo unibertsoak biltzen baitu, Javier Asinen musikarekin batera”.

Donostia XVI. Antzerki Saria hilaren 27an emango diote konpainiari, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Victoria Eugenia antzokian, eta egun horretan antzezkizuna eskainiko dute bertan. Izan ere, lanaren, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioan, biran dago oraindik.

Konpainiak Baroja Colleten marrazki bat, 10.000 euro eta hurrengo lana Harri Xuri Luhusoko ekoizpen zentroan prestatzeko aukera jasoko ditu.