Itxi

kultura

Enkantea Frantzian

Milioi bat euro Tintinen jatorrizko plantxa batengatik

Agentziak | Erredakzioa

Europar bildumagile batek eskuratu du 1939an argitaratu zen Hergé komikigilearen 'Le sceptre d'Ottokar' lanaren bukaerako orrialde bikoitza.

Tintinen abenturen arteko zortzigarren bilduma Le sceptre d'Ottokar laneko plantxa bikoitz bat milioi bat euroren truke eman dute gaur enkantean Parisen, Artcurial etxeak espero zuena baino 200.000 euro gehiago.

Plantxa Renaud kantautore frantziarrarena zen, baina bere komiki bilduma osatzen duten 4.000 aleetatik ehunka obra saldu ditu, horien artean jatorrizko bilduma ugari.

Europar bildumagile batek eskuratu du 1939an argitaratu zen Hergé komikigilearen aipatu albumeko bukaerako orrialde bikoitza. Artcurial etxeak ez du datu gehiago eman.

"Bigarren aldia da Tintinen plantxa bat milioi eurotik goragoko preziora heltzen dena. Oso emaitza ona da, Hergeren obrarekiko eta komikiekiko nazioarteko interesa berresten duena", adierazi du ohar baten bidez Eric Leroy aipatu enkante-etxeko komiki-adituak.