Itxi

kultura

Bartzelona

Polemika Komikiaren Saloian, hainbat lan erretiratu dituztelako

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Espainiako Gaztediaren Institutuak antolatutako erakusketako hiru obra kendu ditu antolakuntzak, 'pornografikoak izateagatik eta sexua modu esplizituan erakusteagatik'.

Bartzelonako Komikiaren Saloiaren baitan erakusgai zeuden hainbat irudi edo obra erretiratu ditu antolakuntzak eta horrek sektoreko profesionalen kritika eragin du, batez ere, sare sozialetan. Antolakuntzak koordinazio arazo bat izan dela aldarrikatu du.

Antolakuntzak sortzaile gazteek egindako hiru obra kendu zituen ostiralean Espainiako Gaztediaren Institutuak prestatutako erakusketatik, sexu harremanak modu esplizituan erakustea argudiatuta.

Carles Santamaria Komikiaren Saloiko zuzendariak azaldu duenez, irudi horietako batzuk pornografikoak zirela ebatzi zuen antolakuntzak -tartean, Victor Puchalskiren "Tom" lana- eta erretiratzea erabaki zuen, adin guztietarako jendeari zuzendutako ekitaldia delako eta adin txikiko asko joaten direlako.

Santamariak azaldu duenez, zenbaiten sentsibilitatea min zezaketen lanak erakutsi izan dira aurreko ekitaldietan, baina horretarako egokitutako gune berezietan. Hori dela eta, zentsura akusazioak ezeztatu ditu. Halaber, irudiak hain esplizituak zirela aldez aurretik jakinez gero gune berezi batean jarriko zituztela gaineratu du.

Azalpenak azalpen, zentsura salaketa egin dute komikiaren sektoreko hainbat webguneetan. Halaber, antolakuntzak Miki Montlo artistaren hainbat marrazki erretiratu zituen hainbat orduz, irudi horien markoak kaltetuta zeudela argudiatuta. Behin arazoa konponduta berriz ere erakusgai jarri zituzten irudiak. Santameriaren esanetan, gaizki ulertu bat izan da eta egileari barkamena eskatu diote.