Itxi

kultura

Uztailak 22 - Abuztuak 6

Cervantes eta Shakespeare protagonista, Erriberriko antzerki jaialdian

Agentziak | Erredakzioa

Antzerki Klasikoaren Jaialdiak 25 ikuskizun eskainiko ditu. Horietariko asko duela 400 urte hil ziren bi idazle handien lanetan oinarrituko dira.

  • Jaialdiaren kartelean ageri den izakia bertatik bertara ikusiko dute bertaratzen direnek

    Jaialdiaren kartelean ageri den izakia bertatik bertara ikusiko dute bertaratzen direnek

Antzerki Klasikoaren Erriberriko Jaialdiaren XVII. edizioa uztailaren 22an hasiko da, eta 25 antzerki emanaldi eskainiko ditu, proiekzio, ikastaro eta esperimentazio saioez gain. Antzezkizun horietako asko William Shakespeareren eta Miguel de Cervantesen lanetan oinarrituta egongo dira, aurten bi idazleen heriotzaren 400. urteurrena dela eta.

Ostiralean abiatuko dute jaialdia, 19:00etan, The Complet Walk lana Erriberriko paradorearen fatxadaren gainean proiektatuz; Shakespeareren bizitzan, irudimenean eta idazle ingelesak utzitako ondarean zehar eginiko bidaia da lan hori, haren lan guztien egokitzapenak diren 37 film laburren bidez marraztutakoa.

Pelikulok, gainera, ingeles idazleak istorioak kokatu zituen toki beretan filmatu dituzte. Hartara, Antonio eta Kleopatra Egiptoko piramideen ondoan filmatu dute; Hamlet, Elsinorren, eta Love’s Labours Lost (Maitasun lan galduak), Erriberriko Errege Jauregian.

Abuztuaren 6ra arte, besteak beste, Concha Velasco, Nuria Gonzalez eta Miguel Munarriz aktoreak eta Gerardo Vera, David Espinosa, Antonio Campos, Victor Iriarte, Ana Zamora, Jose Andres Lopez eta Eduardo Vasco zuzendariak pasatuko dira Erriberritik.

Gainera, Erriberrira joatea errazteko, Baluartek autobusak jarriko ditu jaialdiak irauten duen bitartean, asteburuz.