Itxi

kultura

Heriotza

Imanol Urbieta musikari zarauztarra hil da

eitb.eus

Gehienbat “Txoria nintzela”, “Jon Braun”, “Ran Rober Ran” eta haurrentzako beste hainbat kantu sortu zituelako zen ezagun musikari eta irakaslea.

1:15

Imanol Urbieta zarauztar musikari eta pedagogoa, hainbat belaunaldiren oroimenean iltzatutako haur kanta askoren sortzailea, hil da, 82 urte zituela, Elkar argitaletxeak baieztatu duenez.

Teologia eta Letretan lizentziaduna zen, eta Gasteiz, Donostia, Bordele, Budapest eta Estrasburgon egin zituen musika ikasketak. Gero, Txirula Mirula musika eskolako zuzendaria izan zen, eta solfeoa eta musikoterapia irakatsi zituen bertan, teknika berritzaileak erabiliz. Ikastolen alde lan handia egin zuen ere, eta ezinbesteko bitarteko izan ziren haren kantuak euskarari arnasa berria eman eta gizarteratzeko.

60 disko baino gehiago kaleratu ditu Urbietak, eta hainbat sari jaso ditu: Zarauzko Udalaren Kultur Merezimenduaren Domina (1996), Anton Abbadia Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria (2007) eta Durangoko Azokaren Argizaiola saria (2010), besteak beste.

Andoni Egaña bertsolari eta idazleak "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan heriotzaren berri izan eta berehala esan duenez,"musikari handia zen" Urbieta, eta, beste bide batzuk hartzeko aukera izan arren, "talentu hori haur kantuetara eta euskarara bideratzea erabaki zuen". Egaña Urbietaren ikaslea izan zen Zarautzen, umea zela, eta "sortzen ari ginenean sortzen ari ez ginenean baino zoriontsuagoak garela irakatsi zigun", gogoratu du.