kultura
Urriak 26-29
25 herrialdetako ehun websail baino gehiago, Bilbao Web Festen
Agencias | Redacción
Websailen jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute aurten Bilbon. Lau sailetan lehiatuko dira parte hartzeko aukeratu dituzte 120 lanak.
Bilbo websail edo Internet bidez zabaldutako sailen ikus-entzunezko industriaren erdigune izango da berriz ere, urriaren 26tik 29ra bitartean antolatu eta 25 herrialdetako ehun serie baino gehiago lehian bilduko dituen Bilbao Web Fest jaialdiaren bigarren edizioaren kariaz, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Bilbao Web Fest jaialdiak bigarren edizioan lehiatzeko aukeratu dituen 120 lanak lau ataletan banatuta eskainiko dituzte: Sail Ofizialean gaur egungo nazioarteko 30 websailik onenak erakutsiko dituzte; Amets Sailean eduki independenteak dituzten 50 sail lehiatuko dira; Trailerren Sailean sail digitalen aurrerapenik onenak sarituko dira; Euskal Screeningsek, azkenik, euskal websail onenen lagin bat eskainiko du.
Edizio honetako epaimahaiko kideak hauek izango dira: Koldo Serra zinema eta telebista zuzendaria; Leyre Berrocal antzezlea; eta Meredith Burkholder, Young Man Kang eta Riccardo Cannella munduko websailen jaialdi nagusien zuzendariak.
Jaialdia Bizkaia Aretoan inauguratuko dute, urriaren 26an, eta lehiaketako websailen proiekzioak ere bertan egingo dira egunero, sarrera doakoa dela. Halaber, Bilborock eta Azkuna Zentroa ere jaialdiaren egoitza izango dira, eta amaierako ekitaldia eta sari banaketa Guggenheim museoan egingo dute urriaren 29an, 19:00etatik aurrera.
Halaber, jaialdiaren barruan hitzaldiak, mahai inguruak, festak eta kontzertuak ere antolatuko dituzte.