Itxi

kultura

BEZ-A

Espainiako Gobernuak 'ahal denean' jaitsiko du kultura arloko BEZa

Agentziak | Erredakzioa

Iñigo Mendez de Vigo Kultura ministroak elkarrizketa batean esan duenez, beherapena egin ahal izateko zailtasuna “aurrekontuek ezarritako baldintzak bete beharra” da.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak gaur adierazi duenez, Espainiako Exekutiboak ez du inolako “jatunkeriarik” zerga politikan, eta “ahal denean” kultura arloko BEZ zerga “beste tartetxo bat” jaitsi nahi du.

Kultura alorreko arduradunaren hitzetan, kultura gaien gaineko hiru zerga mota daude, eta liburuena, esaterako, % 4koa dela nabarmendu du. “Gobernuak hainbat esparrutan BEZ oso altua ezartzeko arrazoia kultura maite ez duela esatea sekulako tontakeria da; berorretaz gozatuz gizon-emakumeak zoriontsuak izatea atsegin dugu guk”, esan du Cope irrati katean eginiko elkarrizketa batean.

Mendez de Vigoren hitzen arabera, zerga berehala jaisteko eragozpena aurrekontuek ezarritako betebeharrei zor zaie, eta Ciudadanos alderdiarekin eginiko hitzarmenean zuzeneko ikuskizunen gaineko zerga jaisteko asmoa bildu zutela ekarri du gogora.

“Lehen urratsa da hori, eta bete egingo dugu. Goazen urratsez urrats. Beste tartetxo bat geldituko zaigu oraingoz, eta ahal dugunean jaitsiko dugu. Gure filosofia politikoak dioenez, espainiarren poltsikoan dago dirua ondoen”, esan du bukatzeko.