kultura
Balantzea
Tabakalerak milioi bat bisitari jaso ditu zabaldu zutenetik
Agentziak | Erredakzioa
Kultura garaikidearen Donostiako zentroak 2015ean ireki zutenetik egindako bidea balioztatu dute berorren arduradunek.
-
Joxean Muñoz, Ane Rodriguez, Markel Olano eta Eneko Goia
Tabakalera 2015eko irailean ireki zutenetik joan den “urtebete luzean” zentroak egindako bidearen balantzea egin dute gaur. Denbora horretan, milioi bat pertsonak baino gehiagok bisitatu dute zentroa, eta bostetik batek hartu dute parte bertako kultura programan.
Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea bat etorri dira Tabakalera Gipuzkoako eta Euskal Herriko kulturaren “erreferentziazko” zentroa dela esaten.
Ane Rodriguez zentroaren zuzendariaren hitzetan, 2017rako helburua “programazioari eustea eta ildo estrategikoak indartzea” izango da. Ireki zutenetik 65 artista hartu ditu zentroak (423 eskaera jaso dituzte), eta Ubik sormen liburutegiak, zentroaren apustu handienetako batek, 133.000 bisitari hartu ditu orotara, martxoan zabaldu zutenetik.
Euskadiko Filmategia, Zinemaldia, Etxepare Institutua eta Kutxaren espazioak hartzen ditu dagoeneko Tabakalerak, eta Zinema Eskola izango du laster. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ez du gaian sakondu nahi izan, baina sektorearekin gai horri buruzko elkarrizketa aurreratuta dagoela esan du. 2017an eskolak zentroan tokia hartzeko aurrerapausoak emango direla esan du, “bai arkitekturari baita proiektuari berari dagokionez ere”.
Gainera, Rodriguezek argitu duenez, proiektua atzeratuta badago ere, eraikinaren azken solairuan jarriko duten jatetxeari buruzko albisteak aurki emango dituzte, baita hotelari buruzkoak ere. 18 urteko epea dute lizentzia lortu dutenek hotela abian jartzeko.
Gerente berria eta 5,8 milioiko aurrekontua
Urte berriarekin bat, gerente berria hasiko da Tabakaleran, Haritz Azkarragak irailean dimisioa eman eta gero. Aste honetan bertan aukeratu dute kudeaketaren arduradun nagusia. Oihana Zarra Larrea (Donostia, 1978).
Astelehenean hartu zuen erabakia administrazio kontseiluak, 2017rako aurrekontua onartu zuen batzar berean. 5,8 milioi euroko aurrekontua izango du zentroak datorren urterako: erakundeetako bakoitzak 1.600.000 euro jarriko ditu eta Tabakalerak berak 1.048.078 sartuko ditu.