Itxi

kultura

Kultura Saila

Sortzaileak babestu eta euskararen hazkundea sendotu nahi du Zupiriak

N.V. | eitb.eus

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lehen agerraldia egin du Legebiltzarrean. 2020rako 25 urtetik beherako herritarren %75 euskaldun izatea jarri du helburu gisa, besteak beste.

1:37

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lehen agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, bere Sailak datozen lau urteotarako finkatu dituen helburu eta konpromiso nagusiez hitz egiteko.

Sailburuak azpimarratu du “sortzaileak babestea eta beren lana agerikoa egiten laguntzea” izango direla bere lehentasunak. Hizkuntza Politikari dagokionez, 2020rako 20 urtetik beherako herritarren %75 elebidun izatea jarri du helburu.

Legebiltzarkideei “elkarlan zintzoa” eskaini eta eskatu die Zupiriak, eta beste erakundeekin batera lan egiteak duen garrantzia nabarmendu du. Aldundiei, udalei, Nafarroako erakundeei eta Euskal Elkargoari dei egin die horretarako: “Herri politikak eraginkorragoak izan daitezen, behar-beharrezkoa da erakundeek elkarren berri izatea eta beren ahaleginak partekatzea”.

“Sorkuntza hauspotu eta industriak sustatu”

Kultura Sailburuordetzari dagozkion lan-ildoez hitz egin du Zupiriak, eta “sorkuntzari hauspoa emateko” eta “kultur industriak sustatzeko” konpromisoa agertu du.

Horrez gain, sailburuak azaldu du euskal kulturaren “agerikotasuna, ikusgarritasuna eta erakargarritasuna landu beharreko erronkak” direla. “Ziur gaude euskal kulturaren kalitateaz”, esan du, baina “bozgorailuen beharra” azpimarratu du. EiTBrekin dagoen lankidetzan sakontzea edo erraztasun ekonomikoak eskaintzea izango dira arazo hori gainditzeko sustatuko diren bideetako batzuk.

“Euskadi Digitalaren” erronka jo du Zupiriak apustu azpimarragarrienetakotzat, eta bere agerraldian Euskadiko Liburutegi Digital Nazionala deritzon proiektua aipatu du: “Ondare editatua gorde eta antolatu, betiere erabiltzailearen irisgarritasuna bermatuz; hori da XXI. mendeko liburutegi batek egin lezakeena eta egin beharko lukeena. Eta horri Euskadiko Liburutegi Digital Nazionala deritzogu”, adierazi du.

Hizkuntza Politika

Hizkuntza politikari dagokionez, baikor mintzatu da Zupiria: “Euskararen bilakaera soziala ez da, gure erkidegoan behintzat, galeraren kronika bat, baizik eta etengabeko hazkunde baten historia. Euskararen osasuna askok aitortzen diotena baino hobea da, eta askok nahi genukeena baino ahulagoa”, esan du.

Bide horretan, “euskararen hazkundea sendotu eta jarraitzen laguntzea” izango da helburua, Zupiriaren hitzetan, eta lau konpromiso hartu dituzte: euskaldunen kopurua handitu eta hizkuntza gaitasuna hobetzea, aisialdian erabilera sustatzea; hizkuntza eskubideen bermea aurrera egitea; eta euskararen hiru lurraldeetako erakundeen arteko lankidetza artikulatzea eta indartzea.

Etxepare Institutua

Bingen Zupiria sailburuak Etxepare Euskal Institutuari tarte berezia eskaini dio bere agerraldian, eta legealdi honetan “Euskadiren kultur diplomaziarako tresna” izango dela esan du. Horretarako, nazioarteko kultura sare estrategikoetan, Euskadiren herrialde mailako ordezkaritza zuzena bultzatuko dute, Euskadik, Etxepareren bidez, nortasun eta ahots propioa izan dezan.

“Diziplina guztietako sortzaileen lanak kanpoan sustatzea xede duten diru-laguntzen lerroei jarraipena emango diegu. Eta nazioartean egiten diren sorkuntza arlo anitzetako azoka eta foroetan ere esku hartuko dugu”, gaineratu du Zupiriak.