Itxi

kultura

Martxoak 7 - apirilak 9

30 kultura proposamen berri plazaratuko ditu Loraldiak

eitb.eus

Jaialdiaren hirugarren edizioa martxoaren 7an hasi, eta apirilaren 8an bukatuko da. Hilabetean, bi ekoizpen propio eta hainbat estreinaldi eskainiko ditu.

1:31

Loraldia jaialdiaren hirugarren edizioa martxoaren 7an hasiko da Arriaga antzokian, Tartean Teatroa taldearen lan berriaren estreinaldiarekin, eta apirilaren 8an amaituko da Mikel Urdangarinen disko berriaren zuzeneko aurkezpenarekin. Ekitaldi baten eta bestearen artean, kultur jardueraz betetako 29 egun izango dira, hiriko hainbat agertokitan hogeita hamar bat ikuskizunez, bi ekoizpen propioz eta 150 artistaren parte-hartzeaz gozatzeko aukera emango dutenak.

Gaur egindako aurkezpenean adierazi dutenez, “zubia” da hirugarren edizio honetako ikurra, jaialdiak kulturen arteko lotura izan nahi duelako, eta, horren erakusgarri, Ipar Amerikako folk aitzindaria, Penintsulako surrealismoa, musika zelta eta Londreseko hip hopa egongo dira Loraldian gozagai, besteak beste.

Antzerkia, dantza, musika, literatura eta zinema

Loraldia jaialdiaren lehen ekoizpen propioaren titulua Strip-tease da, eta Arriaga antzokian ikusi ahalko da, martxoaren 24an eta 25ean. Aurretik, baina, beste estreinaldi batzuk izango dira, hala nola Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa jaialdia abiatuko duen ikuskizuna. Euskal herri-musikaren historiari eginiko errepaso umoretsua da, Mikel Martinezen eta Patxo Telleriaren eskutik.

Gainea, Lorca, Dali, Buñuel. Aborigenak (Pabiloi 6ko Gazte Konpainia), E, Petrel, Drag.e Logela Multimediaren ikuskizuna eta Dario Foren eta Franca Rameren testuen irakurraldi dramatizatua eskainiko ditu Loraldiak.

Dantzaren atalean, 2017ko Loraldiak bi proposamen indartsu ekarriko ditu: Mikel Laboaren unibertsorako bidaia proposatuko du Dantzaz konpainiaren eskutik Guggenheim Bilbao museoko atrioan, eta Kukai dantza taldearen hamabosgarren urteurrena ospatzeko gala egingo dute Iñaki Salvador, Oreka TX, Juan Mari Beltran eta beste gonbidatu batzuk lagun direla.

Loraldiaren bigarren ekoizpen propioa musikaren esparruari dagokio: Pete Seeger New Yorkeko folk abeslari mitikoaren omenezko kontzertua egingo dute martxoaren 26an, Lou Topet taldeak eta zenbait musikarik, besteak beste, Aiora Renteriak, Anje Duhaldek, Eñaut Elorrietak, Joseba Irazokik eta Izarok. Seegerren kantuak interpretatuko dituzte guztiek, Harkaitz Canok euskarara egokitu dituenak.

Horrez gain, Mikel Urdangarinek disko berria aurkeztuko du jaialdian, eta Xabi Aburruzaga, Donostiako Musika Eskolako Orkestra (Oskorri, Hertzainak, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Itoiz eta Sorotan Beleren kantuak egokituko dituzte, besteak beste), Angel Celada, Gorka Benitez, Hesian eta Lukiek taldeak eta Izaro bakarlaria arituko dira.

Hip hop eta rap musikarik ere ez da faltako, 2zio, Acykal & Layiee eta EH2000 & Laize taldeen eskutik.

Halaber, literaturak ere leku garrantzitsua izango du hirugarren edizio honetan: apirilaren 2an, igandean, goizez, literatura, bertsoak eta musika uztartuko dituen ekitaldia izango da Guggenheim museoan. Kirmen Uribek argitaragabeko literatur testua irakurriko du, bi bertsolari bertsotan arituko dira eta Angel Unzuk musika eskainiko du zuzenean.

Gainera, azken hamarkadetako euskarazko literaturan Bilbo hiriak izan duen islari egindako gainbegirada kritikoa egongo da, Iban Zalduak euskarazko literatura garaikidearen ingurumaria hartuko du hizpide eta Miren Amurizak eta Kattalin Minerrek beren azken literatur argitalpenak aurkeztuko dituzte.

Azkenik, zinemaren esparruan, Euskadi duela 80 urte Rene Le Hennaff zinemagile frantziarrak 3D teknikaren antzekoa erabiliz filmatu zuen 20 minutuko pelikula laburra lehen aldiz erakutsiko dute jendaurrean, eta euskal kulturari buruz Suediako telebistak 1960an filmatu zituen bi dokumental bitxi erakutsiko dituzte.

Mirentxu Loyarte euskal zinemagintzaren aitzindariari buruz Iratxe Fresnedak eginiko dokumentala ere emango dute Loraldian.

Sarrerak

Sarrerak salgai daude jaialdiaren webgunean eta antzoki eta areto bakoitzeko leihatiletan. Aurten, Loraldia Elkarteak Lorazainaren figura jarri du martxan, festibalaren inguruko komunitate bat sortzeko asmoz. Ekimen horren arabera, webgunearen bidez izena ematen duenak deskontuak izango ditu sarreren prezioan.