Itxi

kultura

Omenaldia

Koldo Mitxelenaren omenezko eskultura inauguratu dute Errenterian

Agentziak | Erredakzioa

2015ean 100 urte bete ziren Mitxelena jaio zela, eta Udalak haren omenez eskultura bat jartzea erabaki zuen, gaur inauguratu dutena.

  • Koldo Mitxelenaren omenezko eskultura inauguratu dute Errenterian. Argazkia: Irekia

    Koldo Mitxelenaren omenezko eskultura inauguratu dute Errenterian. Argazkia: Irekia

Koldo Mitxelena hizkuntzalari gipuzkoarrak gaurtik aurrera bere omenezko eskultura bat dauka bere jaioterrian, Errenterian, bertako Udalak sustatuta.

Eskulturaren inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Denist Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gaztedia eta Kiroletako diputatua eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea. Honako beste hauek ere bertan izan dira: Jose Maria Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea; Mikel Zalbide eta Lourdes Oñaederra euskaltzainak; edota Jokin Azkue HABEko zuzendaria.

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, 2015ean mende bat bete zen Koldo Mitxelena jaio zenetik eta, mendeurrena ospatzeko, Errenteriako Udalak bere omenezko monumentu bat egitea erabaki zuen; hain zuzen ere, gaur inauguratu dutena.

Urte bete geroago, 2016an, lehiaketa bat ireki zen eta 17 proiektu aurkeztu ziren bertara. Epaimahaiak aho batez erabaki zuen Ekain Olaizolaren 'Hitzen itzala' lanak merezi zuela ohorea.

Koldo Mitxelena euskarazko hizkuntzalari eta ikertzaile nagusienetako bat izan zen, euskara batua ezartzean aparteko garrantzia izan zuena.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura
  • Albisteak