Itxi

kultura

Saria

Montxo Armendariz, 2017ko Eusko Ikaskuntza saria

Agentziak | Erredakzioa

"Azken 30 urteetako funtsezko zinema zuzendarietako da", epaimahaiaren arabera.

Montxo Armendariz nafarrak jasoko du aurten Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien saria.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, "azken 30 urteetako funtsezko zinema zuzendarietako bat da. Bere lanak oso modu berezian irudikatzen du belaunaldi oso bat, tokiko esparrutik harantzago joan diren eta publiko zabalari iristea lortu duten egunerokotasuneko istorioetan oinarrituta. Bere lan askotan, Euskal Herriaren alderdi bisualak, kulturalak eta etnografikoak islatzen dira".

Sari hau jasotzen duen lehen zinema zuzendaria izango da Armendariz, prentsaurrekoan Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak eta Pello Ugalde Laboral Kutxako lurralde zuzendariak adierazi dutenez.

Aurretik ere sari asko jasotakoa da zinema zuzendaria. 1998an Vianako Printze saria eta Espainiako Zinema Sari Nazionala eskuratu zituen. 2008an Eusko Ikaskuntzak berak banatzen duen Manuel Lekuona Saria jaso zuen. Duela zazpi urte Honoris Causa doktore izendatu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak.

Armendarizek (Oleta, Nafarroa, 1949) film ezagun asko zuzendu ditu: "Tasio" (1984), "Historias del Kronen" (1994) —Goya saria irabazi zuen— eta "Secretos del Corazon" (1997) —Atzerriko Hizkuntzan egindako film onenaren Oscar sarietarako hautagai izan zen—.