Itxi

kultura

Heriotza

Hubert de Givenchy frantses moda-sortzailea zendu da

Agentziak | Erredakzioa

Moda-diseinatzaile 91 urte zituela hil da, haren ilobek ohar batean iragarri dutenez. Cristobal Balenciaga Fundazioaren presidente fundatzailea zen.

1:15

Hubert de Givenchy frantses moda-diseinatzaile ospetsua, bere izena zeraman moda etxearen sortzailea, hil da, 91 urte zituela, familiaren ohar bat aipatuz frantses hedabideek gaur zabaldu dutenez.

“Monsieur De Givenchy lotan zela itzali zen larunbatean, 2018ko martxoaren 10ean. Haren hilobek bere mina zabaltzen dute. Hileta intimuak egingo ditugu”, dio idatziak.

Givenchy Beauvais hirian (Oise, Frantzia) jaio zen, 1927an, eta XX. mendeko emakumezko ikonikoenetako batzuek bere jantziak eraman zituzten: Jacqueline Kennedy, Windsorreko dukesa, Karolina Monakokoa eta Audrey Hepburn musa eta adiskidea.

Besteak beste, Bettina blusa eta zaku-soinekoa asmatu zituen, eta bere pret-a-porter jantziak ere ospetsuak izan ziren. Hain zuzen ere, berak sortu zuen kontzeptu hori, 1954an.

Balenciaga Museoa sortzeko funtsezko pieza

Givenchy Getariako (Gipuzkoa) Balenciaga Museoaren presidente fundatzailea zen. Are gehiago, museoa askotan bisitatu zuen Givenchyk, beti bere “maisutzat” izan zuenari ohore egiteko. Horrela, Balenciagaren lanean inspiratutako ondare paregabea utzi du. Givenchyren ahotan, Balenciaga “joskintzako arkitektoa zen”.

Getarian museoa egiteko proiektuaren hasieratik, egitasmoan murgiltzera eraman zuen Balenciagarenganako miresmenak. Balenciaga historiako “jostunik handiena izan eta izango da beti”, adierazi zuen Givenchyk.

Esan bezala, Balenciaga Fundazioaren lehen presidente fundatzailea izan zen Givenchy, ondoren bere maisuaren ondarea hartuko zuen museoaren hazia. Museoaren beharra beti defendatu izan zuen frantziarrak, baita unerik zailenetan ere. Proiektua birplanteatu zuten, eta 10 urte behar izan zituzten gauzatzeko.

Orduz geroztik, Givenchy behin baino gehiagotan izan da Gipuzkoan, azken aldiz maiatzaren 26an. Rachel L. Mellon lagun izugarri aberatsak museoari laga zizkion diseinuen erakusketa inauguratzeko etorri zen Givenchy.

Givenchy Balenciaga Museoan izan zuen zeregina ez zen sekula ohorezkoa izatera mugatu. Maisu “eskuzabalaren” ondarea bizirik mantentzeko lan egin zuen azkenera arte; izan ere, Balenciagak Givenchy lagundu zuen haren hastapenetan.

Horrela, maisu handiaren lurraldearekin lotura izan du jostun frantziarrak. Donostiako Orfeoiaren abeslarientzako jantzi berria (tunika beltz bat begizta arrosa handi batekin) diseinatu zuen musu-truk. Cristobal Balenciagak gauza bera egin zuen 1964an.

Bere ekarpen "erabakigarria" eskertu du Gipuzkoak

Denis Itxaso Cristobal Balenciaga Fundazioko presidente eta Gipuzkoako Kultura diputatuak jostun frantziar ospetsuaren heriotza deitoratu du. Getariako Balenciaga Museoa “sortzeko garaian” eskainitako laguntza “erabakigarria” eskertu dio Itxasok.

Givenchyk Balenciagarekiko azaldu zuen “errespetu ikaragarria” goraipatu du Itxasok agiri batean. Eskatutako guztian “maitasunarekin” lagundu zuela azpimarratu du Kultura diputatuak.