Itxi

kultura

100 urte

Euskal erakundeek Eusko Ikaskuntza babestu dute bere mendeurrenean

eitb.eus

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta Nafarroako Gobernuak “sentsibilitate, ideologia eta lurralde guztietako euskalari eta euskaltzaleak” biltzen dituen erakundea zoriondu dute.

  • Nafarroako, Arabako, Bizkaiko eta Arabako agintariek babestu dute Eusko Ikaskuntza. Argazkia: Efe.

    Nafarroako, Arabako, Bizkaiko eta Arabako agintariek babestu dute Eusko Ikaskuntza. Argazkia: Efe.

Eusko Ikaskuntza erakunde zientifiko-kulturalaren mendeurrenaren inaugurazio ekitaldia izan da gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian, Bilbon. Bertan, erakunde adierazpena irakurri dute lau instituzio fundatzaileetako ordezkariek, Unai Rementeria, Ramiro Gonzalez eta Markel Olano Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Hiritar eta Erakundeen arteko Harremanetarako kontseilariak.

Agiriak gogora ekarri duenez, Eusko Ikaskuntza 1918an jaio zen “sentsibilitate, ideologia eta lurralde guztietako euskalari eta euskaltzaleak” biltzeko, “zientzia eta kultura, berrikuntza eta aurrerapen kolektiboarekiko konpromisoak batuta”.

Erakunde fundatzaileek konpromisoa berritu dute Eusko Ikaskuntzarekin “ezagutza sortu eta gure garaiko desafioak ulertu eta horiei erantzuteko lan egiten duen gizarte zibilaren adierazpide bizi eta bizigarri gisa”.

Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, gainera, Eusko Jaurlaritza izan du gogoan ekitaldian, garai hartan sortuta ez bazegoen ere “hasieratik babestu duelako Eusko Ikaskuntza".

Ospakizun ekitaldiak

Ekitaldiaren amaieran, Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko Batzorde Antolatzaileko lehendakari Xabier Alkortak hartu du hitza, efemeridea ospatzeko aurreikusitako ekitaldien berri emateko: 1978an Eusko Ikaskuntzaren berpizkundean protagonista izan zirenei aitortza, Euskal Herriaren azken 100 urteei buruzko liburuaren argitalpena eta antzezlan baten estreinaldia, besteak beste.

Halaber, erakunde zientifiko-kulturalaren XVIII. kongresua udazkenean Oñatin izango dela iragarri du Alkortak, Geroa Elkar-Ekin lelopean.