Itxi

kultura

Saria

Teresa del Valle antropologoak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria jaso du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Antropologia feministaren sustatzaileak Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien esparruko pertsonen lana saritzen duen golardoa jaso du.

  • Teresa del Valle. Argazkia: EFE

    Teresa del Valle. Argazkia: EFE

Teresa del Valle antropologo feministak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria jaso du, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien esparruan, “bere obrak modu eraginkorrean lagundu baitu Euskal Herriko genero ikuspegiaren garapen kulturalean”.

Golardoa Iñaki Dorronsoro eta Txomin Garcia Eusko Ikaskuntzako eta Laboral Kutxako presidenteen eskutik jaso du, hurrenez hurren, Donostiako udaletxean gaur arratsaldean egindako ekitaldian.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herri eta Instituzio Harremanetarako kontseilaria, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Nekane Balluerka EHUko errektorea izan dira, besteak beste, ekitaldi horretan.

Urkullu lehendakariak esan du Teresa del Valle aitzindaria izan zela eta egun ere aitzindari izaten jarraitzen duela. Antropologia feministaren sustatzaile nagusienetako bat izan da Estatu espainiarrean.

"Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia Fakultate sortu berriko Antropologia sozialean aritu zinean aitzindari izan zinen, baita Antropologia Sozialeko Europako Elkarteko fundazioaren sorreran parte hartu zenuenean ere", gogoratu du.

Estatuan Antropologia feminista bultzatu izana ere nabarmendu du lehendakariak, eta Del Vallek egindako ekarpena aipatu du: "ikerkuntza-lanak, 16 liburu eta bere ezagutzaren zabalkundea".

"Aitzindaria zara ikertzaileak trebatzeko bokazioa duzuelako eta horrek zure lanari jarraipena ematen diolako. Aitzindaria zara Unibertsitatearekin, Eusko Ikaskuntzarekin, Jakiunderekin edo Emakunderekin konprometituta jarraitzen duzulako. Zure ekarpenak, antropologia bultzatuta, gu geu gehiago eta hobeto ezagutzea ekarri du. Horregatik gaur zure ibilbidea aintzat hartu nahi dugu", adierazi du lehendakariak.

Teresa del Valleren ibilbidea

Saria Del Valle (Donostia, 1937) Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologiako katedradun emerituari ematea ebatzi zuen Eusko Ikaskuntzaren jarduera eremuko sei unibertsitateetako errektoreen ordezkariek, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Laboral Kutxako lurralde zuzendariak osatutako epaimahaiak, “bere obra globalak modu eraginkorrean lagundu baitu Euskal Herriko genero ikuspegiaren garapen kulturalean".

Teresa del Valleren "ibilbide pertsonala eta profesionala gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren esparruan oinarrituta dago, baita erronka hori euskal kulturan eta gizartean ikusgarri egin eta nazioartera zabaltzean ere", ebazpenak dioenez.

Del Valle European Association of Social Anthropologists erakundearen fundatzaileetako bat izan zen 1989. urtean, baita European Society for Oceanists erakundearen sortzaileetako bat ere, 1996an.

Jarduera dibulgatzaile garrantzitsua garatu du, eta irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren esparruko ibilbide luzea egin du. Berrogei urte baino gehiago daramatza irakaskuntzan, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) nahiz atzerriko beste unibertsitate batzuetan.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria 1995ean sortu zen, Euskal Herriko Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien alorrean curriculum nabarmena duten pertsonak saritzeko.

Hain zuzen ere, Julio Caro Baroja antropologoak jaso zuen saria lehenengo edizioan, eta, besteak beste, honakoak daude irabazleen zerrendan: Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxea, Maria Bayo sopranoa, Francisco Etxeberria auzitegiko medikua, Maria Carmen Gallastegui ekonomista, Javier Elzo soziologoa, Javier Echeverria Ezponda zientziaren filosofoa, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa idazleak eta Montxo Armendariz zinemagilea.

Aurten, 20.000 euroko ekarpena du sariak.