Itxi

kultura

Antzerkia

Gasteizko XLIII. Nazioarteko Antzerki Jaialdiak 32 ikuskizun eskainiko ditu

Agentziak | Erredakzioa

Urriaren 5ean hasiko da 43. edizioa, eta bi hilez denetariko lanak eskainiko ditu Principal antzokian eta gizarte etxeetan.

  • Tanttaka konpainiak "Izoztutako haizea" lana taularatuko du

    Tanttaka konpainiak "Izoztutako haizea" lana taularatuko du

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 43. edizioa urriaren 5ean hasiko da, eta, guztira, 32 ikuskizun eskainiko ditu, haietako hiru erabateko estreinaldiak. "Gure ohiko ezaugarriei eutsi diegu: abangoardiaren eta nazioarteko sorkuntzaren aldeko apustua, eta bertako sorkuntzari eta hizkuntza eszeniko berriei sostengu irmoa ematea", adierazi du aurkezpenean Estibaliz Canto Gasteizko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti eta Sarea Euskadiko Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort izan ditu Canok ondoan astelehen honetan egindako aurkezpenean.

Aurtengo jaialdira nazioarteko 13 proposamen helduko dira, aurrekoan baino hiru gehiago. Zehazki, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Suitza, Italia, Norvegia, Kanada eta AEBetako taldeak izango dira. Gainera, euskal taldeek ere leku handia izango dute, hamar ikuskizun eskainiko baitituzte.

32 lan eskainiko dira: zazpi, sareko antzokietan (Félix Petite, Jesús Ibáñez de Matauco eta Federico García Lorca); bat, ur biltegian; eta beste 24ak, Principal antzokian.

Tanttaka, Vaivén, Dantzaz, Kukai, Ganso y Cia, Tranpola, Larrua, Monstrenka aretoa eta Teatro Paraíso taldeek osatuko dute euskal ordezkaritza.