Itxi

kultura

Euskarazko antzezlan onena

Donostia Antzerki Saria, ‘Sherezade eta tipularen azalak’ lanarentzat

eitb.eus

Vaivén Producciones etxearen antzezlana izan da, epaimahaiaren ustez, 2018an Donostian antzerki konpainia profesional batek euskaraz helduentzat eskainitako onena.

  • 'Sherezade eta tipularen azalak'

    Martxoaren 27an jasoko du saria Vaivén Producciones konpainiak

Sherezade eta tipularen azalak antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko Donostia Antzerki Sariaren hemeretzigarren edizioa. 2018an Donostian antzerki konpainia profesional batek euskaraz helduentzat eskainitako antzezlanik onena izan da.

Vaivén Producciones konpainiak 12.000 euro eta Andrés Nagelen artelana jasoko ditu. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldiaren hasieran emango da saria, eta, ondoren, Zazpi Senideko antzezlana eskainiko dute, bigarren sailkatu zen lana, hain zuzen ere.

Saria emateko ekitaldiaren ondoren, antzezlan sariduna eskaini ohi da, baina aurten ez da horrela izango. Vaivén Producciones konpainiak ikuskizuna bukatutzat eman zuen, eta ezin izan du berreskuratu martxoaren 27ko ekitaldirako. Hortaz, bigarren sailkatu den Zazpi senideko lana antzeztuko du Axut taldeak.

2018an, helduentzako 16 antzezlan eta 45 emanaldi eskaini zituzten Donostian, eta guztira 7.544 ikusle izan ziren emanaldi horietan.