kultura
Urriak 12 eta 13
Xalbador Eguna hartuko du Urepelek asteburuan
eitb.eus
Pierre Topet “Etxahun Barkoxe”, Jon Mugartegi eta Jon Lopategi omenduko dituzte aurten.
-
Fernando Aire Etxart zena berriz ere hartuko dute gogoan jaioterrian
Deiadar elkartearen ekimenez, Urepelek Xalbador Eguna hartuko du asteburuan berriz ere, hamaseigarrenez, larunbatean eta igandean, urriak 12 eta 13.
Aurtengo ekitaldian, Pierre Topet Etxahun Barkoxe, Jon Mugartegi eta Jon Lopategi hartuko dituzte gogoan, eta, hain zuzen ere, lehen horren bizitzan oinarritutako antzezlanak, “Gaztelondon zer berri?”k, irekiko du egitaraua, larunbatean, 20:00etan.
Igandean, goizean goiz, mendi ibilaldia egingo dute Xalbadorren etxolara (09:00). Ostean, meza eta hitzaldia izango dira, azken hori Joxemari Iriondoren eskutik, Etxahun Barkoxe, Jon Lopategi, Jon Mugartegi gogoratzeko.
Eguerdi partean, dantza eta herri kirolak izango dira publikoaren gozagai, eta, bazkaldu eta gero, bertsolarien txanda izango da: Sebastian Lizaso, Onintza Enbeitia, Maddalen Arzallus eta Juan Joxe Eizmendi.
Arratsalde partean (17:30) izango den erromeriarekin amaituko da jaialdia.