Itxi

kultura

Ikerketa

Kulturak 762 milioi euro eta 7.000 lanpostu sortzen ditu urtean EAEn

Agentziak | Erredakzioa

Kulturaren Euskal Behatokiak 2017ko datuetan oinarrituta prestatu duen azterlan bat aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak.

  • La Polla Records

    Zuzeneko emanaldiak dira gehien kontsumitzen diren kultur adierazpenak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kultura eta sormen industriek 6.800 pertsonari lana eman eta 762 milioi euroko diru sarrerak sortzen dituzte urtero, Kulturaren Euskal Behatokiak egin dituen Arteei eta kultura-industriei buruzko estatistika zein Sormen-industriei buruzko estatistika ikerketen arabera.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu ditu bi azterlanok gaur, ostiralarekin, eta azaldu du aurten, lehenengoz, sormen industriei dagozkien datuak hartu dituztela aintzat, hala nola arkitektura, diseinua, hizkuntzaren industriak, moda, publizitatea eta bideo-jokoak.

Artean (arte eszenikoak, ikusizko arteak, musika, liburu eta ikus-entzunezkoak), ikus-entzunezkoaren industriak du pisu handiena: 3.000 bat enplegu arlo horri dagozkio (jarduera artistiko guztietakoen % 48,2), eta horren atzetik datoz musika (% 14,9) eta liburu industria (% 14,4).

Kulturan, gehien kontsumitzen den edukia zuzeneko emanaldiak dira (antzerkia, kontzertuak), baina erreproduzitu daitekeen kulturaren (liburuak, diskoak, zinemako sarrerak) pisua handiagoa da diru sarrerei zein enpleguari dagokienez.

Azterlanak dioenez, halaber, euskarak presentzia garrantzitsua dauka antzerki produkzioan, disko industrian eta liburuaren sektorean. Orokorrean, euskara nagusi da disko ekoizpenean (% 73,5), antzerkiaren ekoizpenean (% 53,7) eta argitaletxeen arloan (% 51,6). Zineman, aldiz, aretoetako proiekzioen % 3 soilik izan ziren euskaraz 2017an.

Sormen industriei helduz, enpleguaz ari garela, EAEko sormen industriek ia 4.000 lanpostu eskaintzen dituzte guztira, eta lanpostu guztien % 68,1 bi sektoretan kontzentratzen da: publizitatea eta hizkuntzaren industriak (lokuzioa, gidoia…).

Genero arrakalari dagokionez, emakumeek erantzukizun handiena eskatzen duten lanpostuen % 33,9 betetzen dute.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura